24 euskal erakunde batu dira ‘Emakumeak zientzian’ proiektua bultzatzeko

Hogeita lau euskal erakundek bat egin dute ‘Emakumeak Zientzian’ proiektuarekin. Ekimenaren helburua zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea da. Gainera, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtu eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatu nahi dute.

Erakundeok beste lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute eta aipatutako helburuak kontuan hartuta indarrak batu dituzte Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta (otsailaren 11n ospatzen da urtero) elkarrekin egingo duten jardueren programa antolatzeko.

Prentsa-ohar batean adierazi dutenez, programa zabala diseinatu dite, 50 jarduera baino gehiagorekin, ‘Zientzia bada nesken kontua’ mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko.

Aipatzekoa da joan den urtean ‘Emakumeak Zientzian’ ekimenak irabazi zituela STEAM Euskadi lehen saria eta genero-ikuspegiaren aipamen berezia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Innobasquek emanda. Baita Donostiako Udalak Donostiako Sustapenaren bidez Berrikuntzaren IX. Astean emandako aintzatespena ere.

Lankidetza-akordioa sinatu duten 24 erakundeak zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsuak dira Euskadin: Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), Achúcarro, CIC biomaGUNE, CIC nanoGUNE, Deustoko Unibertsitatea, POLYMAT, Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Biodonostia, Ceit, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Eureka! Zientzia Museoa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak –  Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Euskadiko Parke Teknologikoa, Tecnalia, Tecnun-Escuela de Ingenieria, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea.

Aurrekariak

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2016. urtean otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna zela aldarrikatzea erabaki zuen, emakumeek eta neskek zientzian erabateko eta bidezko parte-hartzea izan dezaten. ‘Emakumeak Zientzian’ antolatzen duten erakundeek helburu estrategikotzat dute hori, eta, testuinguru horretan, bat egiten dute jarduera-programa zabal bat sustatu, antolatu, garatu, aurkeztu eta gauzatzeko, urteak igaro ahala gero eta handiagoa bilakatzen ari dena.