«Migratzaile irregular bati tea edo gailetak ematea auzi penalean akusazioa izan daiteke»

Carola Racketeren kasuak migratzaileei laguntza emateagatik kriminalizazioa jarri du agerian berriro. Pasa den astean, kapitain alemaniarrak Ipar Afrikako 42 migratzaile lehorreratu zituen Lampedusa irla italiarrean 17 egunetan jitoan egon ondoren. Hori dela eta, 3 eta 10 urteko gartzela zigorra eta 300.000 euroko isuna jar liezazkiokete.

Kasu honek ohiartzun handia izan du hedabideetan, baina Europan eta Estatu Batuetan errefuxiatu eta migratzaileen eskubideen alde borrokan ari diren defendatzaileak jasaten ari diren jazarpen eta kriminalizazioaren lagin adierazgarria baino ez da. Rackete emakumea izanda, gainera, kontrako irain matxistak ugaritu egin dira Interneteko foroetan.

“Migratzaile irregular bati tea edo gailetak ematea auzi penalean akusazioa izan da”, dio NBEko giza eskubideen defendatzaileen egoeraren kontalaria den Michel Fors-ek martxoan aurkeztutako txosten batean.

Mehatuxak, erasoak eta kriminalizazioa

“Erbesteratzen ari diren pertsonen defendatzaileek inoiz ikusi gabeko eragozpenei aurre egin behar diete: mehatxuak, erasoak, kriminalizazioa eta salaketak diskurtso publikoan”, irakur daiteke txosten horretan.

Horretaz gain, zenbait herrialdek jangela sozialak ixteko, itxasontziak enbargatzeko eta aldi baterako aterpetxeak zarratzeko agindu dute. Gainera, Juan Hernández Zubizarretak, Amerika Latinako multinazionalen behatzaileak ‘La Marea’-n argitaratutako artikulu batean dioenez migranteen aldeko erakundeak kriminalizatzeko araudia aldatzen ari dira.

Neurri horiek Europar Batasuneko politika migratzaileekin zerikusi handia dute, Hernandezen ustez: mugak kanpora ateratzeak, adibidez, bitartekoen eskuetan utzi du pertsona-zirkulazio librea eta ‘beroan egindako kanporaketak’ ahalbidetzen ditu eta giza-eskubideak urratu. “Inpunitate hori migranteen heriotza, deportazio, desagerpen, gartzelaldi arbitrario, tortura, bortxaketa, esklabotasun eta gizon eta emakume migranteen jazarpenaren haztegia da”, gehitu du.

“Sahara eta Mediterraneoa XXI. mendeko gas-ganberak dira”

Areago, eskubideak kentzeaz gain, Europako erakundeak zuzenbidearen subjektuak birdefinitzen ari dira, gizaki humanoaren kategoriatik kanpo pertsona asko utzita. Zentzu honetan, ‘Open Arms’ salbamendu ontziko kapitain Oscar Camps-ek zera dio: “Sahara eta Mediterraneoa XXI. mendeko gas-ganberak dira”.

Panorama horren aurrean, Afrikatik datozen pertsonak Mediterranoa gurutzatzen laguntzea zilegi da Europako legealditik harago, giza eskubideen aldeko defendatzaileentzat. Eta ez bakarrik horientzak. Alessandra Vella epaileak kargurik gabeko askatasuna eman zion Racketeri, “zeukan betebeharra konplitu zuelako”.