Harritxu Gete ikertzaileari Gladys Saria emango diote seigarren edizioan, Gladys del Estal informatika gogora ekartzeaz gain, Euskal Herriko emakume gazteak eremu digitalean aitortzea, gazteentzako erreferenteak sortzea eta haien lana ikusaraztea helburu duen saria.
PUNTUEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak bultzatutako ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia du, eta Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntza.
Harritxu Gete Vicomtech zentro teknologikoko ikertzailea da ahots- eta hizkuntza-teknologietan aditua. Bere lana funtsezkoa izan da gaur egun euskararako erabiltzen diren itzultzaile neuronalen garapenean, egindako lanean genero-ikuspegia txertatzeaz gain.
Berdintasuna teknologiara eramateko eta euskararen presentzia digitala indartzeko egindako lana goraipatu du epaimahaiak. “Horretaz gain, etorkizunerako duen proiekzioa ere azpimarratu da; alde batetik, hainbat proiektutan lidergoa hartzen hasi da eta bere lanak gizartean eragin zuzena izan du aplikatzean, eta, beste alde batetik, dibulgazioarekin duen inplikazioa bere lanaren zabalkunderako zein gazteentzako erreferentziarako baliagarria izango dela bermatu du”, epaimahaiaren arabera.
Harritxu Gete Ugarte Matematikan graduatua da (UPV/EHU) eta, Hizkuntzaren Analisia eta Prozesamendua masterra egin ondoren (espediente onenaren saria lortuz), 2025ean Cum Laude aipamena duen Hizkuntzaren Analisia eta Prozesamendua doktore tesia defendatu zuen. Bere ibilbide profesional guztia Vicomtech fundazioari lotuta egon da.
Genero-joerak
Geteren lanaren ardatz nagusietako bat euskararen eta hizkuntza gutxituen garapen digitala bultzatzea izan da. Eusko Jaurlaritzako Itzuli eta Batua de Vicomtech itzultzaile automatikoen garapen eta entrenamenduan parte hartu du; tresna estrategiko horiek egunero 300.000 itzulpen-eskaera baino gehiagori erantzuten diete.
Horrekin batera, bere ikerketetan teknologiaren erabilera etiko eta inklusiboa jorratu du, itzulpen automatikoko genero-joerak aztertuz eta nazioarteko biltzar zientifiko eta aldizkari nagusietan hedatuz.
Ikertzaileak, gainera, konpromiso handia du gizarte-sentsibilizazioarekin eta genero-berdintasunarekin. Inspira STEAM programako aholkularia da, boluntario gisa laguntzen du Emakumeak Zientzian ekimenean, eta hainbat hitzaldi eta mahai-ingurutan parte hartu du, emakumeen eta gazteen artean erreferenteak sortzeko.
Saria emateko ekitaldia irailaren 24an izango da, 18:00etan, Donostiako Santa Teresa Komentuko ekitaldi-aretoan, eta bertan izango da Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta.



