Gizonezkoen arrazoiak greba feministarekin bat egiteko

LAB sindikatuak  bere webgunean gako argigarri batzuk argitaratu ditu gizonak ere zergatik dauden A30eko grebara deituak azaltzeko. Zumaiako GKN enpresako sindikatuaren ordezkaria den Andoni Etxanizek azaldu ditu arrazoiak:

“Eremu maskulinizatu batean (industrian) egiten dut lan, gizonezkoa naiz, eta galdera honi erantzutea eskatu didate: Zergatik egin behar dut greba feminista orokorra?

Egia da, nire inguruan, nire lantokian, gizonezko askok borroka feminista emakumezkoen gauza bat bezala bizi dutela. Eta pentsamolde horri buelta ematea ez da erreza izango, baino saiatu behar gara. Nik, gizonezkoa izanda, zergatik egin behar dut greba feminista? Galdera honi beste galdera batzuk eginez hasiko naiz erantzuten:

Zergatik naiz antirrazista, ni zuria banaiz?

Zergatik salatzen ditut jarrera homofoboak, ni heteroa banaiz?

Zergatik salatzen ditut jarrera transfoboak, ni ez banaiz transexuala?

Zergatik naiz feminista, ni gizonezkoa banaiz?

Giza eskubideak defendatzen ditudalako, eta feminismoak horretarako aukera ematen digulako. Feminismoak giza eskubideak defendatzen ditu, guztion giza eskubideak defendatzen ditu. Egia da matxismoak ez dituela berdin urratzen emakumezkoen zein gizonezkoen eskubideak, ezta ere arrazismoak edo homofobiak, edo transfobiak. Emakumea eta beltza bazara, diskriminazio bikoitza izango duzu. Emakumea eta lesbiana bazara, diskriminazio bikoitza. Eta emakumea eta transexuala bazara, birritan diskriminazioa berriz ere.

Nork zainduko nau ni, behar dudanean? Eta nola? Eta nire ingurukoak, nire zaintza behar dutenean? Nola eman ahal izango diet behar duten zaintza? Gaur egun, galdera hauei, askotan, gehiegitan, horrela erantzuten zaie: emakumezkoen* bizitzak prekarizatuz ematen dira zaintzak, eta emakumeak* arrazializatuak badira, oraindik eta prekarizazio eta diskriminazio maila handiagoarekin.

Greba Feminista Orokor honekin giza eskubideak defendatuko ditugu, zaintzeko eta behar dugunean zainduak izateko eskubidea defendatzera goaz. Bizitzak erdigunean jartzera gatoz, eredu heteropatriarkal kapitalistak inoiz egingo ez duena egitera gatoz. Kapitalismoak ahal duen denbora guztia lapurtuko digu. Bi soldata behar izatera eraman dute jendartea, bizitzak ekonomiaren zerbitzura jarriz. Eta horrek justu alderantziz behar du izan. Ekonomiak bizitzen zerbitzura egon behar du.

Greba hau bide luze baten beste mugarri bat da. Borroka hau, bizitza versus kapitala, aspalditik ari da ematen. Eta greba honetan ere emango da, eta kontatu egingo gaituzte. Parte hartze masibo batek aurrerapauso nabarmenak ekar ditzake: lanaldiaren murrizketan, zaintzarako baimen berrietan, lanaldiko denboren banaketan eta prekarizaturik dauden zaintzetan irekirik dauden borroka guztietan. Garaia da, beraz, zaintza lanak aitortu, duindu eta banatzeko; garaia da gizonok dagozkigun ardurak hartzeko.

Grebaren ondoren ere borrokak jarraituko du, baina greba egunean kontatu egingo gaituzte, eta ni ez naiz inondik inora “gehiengo isila” esaten dioten horretakoa izango. Nik, azaroaren 30ean, “Gora Borroka Feminista!” oihukatuko dut”.