Zaintzaren publifikazioa aldarrikatzeko urtarrilaren 26an greba

ELAk urtarrilaren 26rako greba orokorra deitu du lan merkatu formal prekaritzatuan egoera bereziki kalteberan dauden pertsonak zaintzeko ardura duten sektoreetan (adinekoak, adin txikikoak, aniztasun funtzionala dutenak edo bazterkeria sozialeko arriskuan daudenak…). Grebara deituta daude 40.000 bat langile.

Urtarrilaren 26an beste eragile sindikal batzuek ere greba deituko dute EAEn. ELAren bozeramaileek esan dutenez, “mobilizazio eguna izatea nahi dugu, ez soilik sindikatuontzat, baita zaintzaren gaiarekin ardura duten eragile guztientzat ere. ELAk egun horretan, bereziki, kaleak partekatu nahi ditu etxeko langileen elkarteekin, mugimendu feministarekin, zaintza esparruko senideen elkarteekin zein pentsionisten mugimenduarekin”.

Gainera, “zaintza gehienak pribatizatuta edo merkantilizatuta daude, enpresa pribatuen esku, zeintzuk etekin ekonomikoa lehenesten duten, eta ez pertsonak zaintzea. Hori guztia, gainera, diru publikoz finantziatuta. Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea? Zaintza profesionalizatua publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar da”, exijitu dute.

Zaintzaren publifikazioa

Mobilizazio ziklo honetako aldarrikapenak hauek dira:

1. Egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen publifikazioa (etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, zentro erresidentzialak, etxebizitza komunitarioak, tutelapeko etxebizitzak, aterpetxeak, eta esku-hartze sozialeko beste zerbitzu batzuk).

2. Zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, aldi baterako lanpostuak barne.

3. 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatu (baldin eta borondatez kontrakoa eskatzen ez bada).

4. Sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza.

5. Zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hasita.

6. Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak, batik bat arrisku psikosozialei dagokienez.

7. Langileen osatze emozionalerako plana, hein batean bedren pandemiaren kalte larriak arintzeko.