Elorrioko garbitzaileen greba, soldaten genero arrakalarekin amaitzeko frontea

Elorrioko eraikin eta lokal publikoetako garbitzaleek 138 eguneko greba mugagabea bete zituzten pasa den ostiralean. Egun horretan egin zuten Udalarekin azken bilera. Ez zen akordiorik lortu eta gatazkak bere horretan jarraituko du ziur aski nahiz eta erabakia langileen asanbladak hartuko duen aste honetan.

Ez da ohiko borroka. Udalaren eskaintza eta garbitzaileen eskarien artean alde handia dago. ELA sindikatuaren ordezkari Ane Zelaiak azaldu duenez, aurreko grebetan helburua parekatzea zen, hau da, azpikontratatutako eta langile publikoen soldatak berdintzea.

Orain, ordea, genero arrakala apurtu nahi dute eta Elorriokoa hirugarren esperimentua da, dio. Aurrekoak Gipuzkoako Aldundikoa eta lurralde horretako Eusko Jaurlaritzako komisaldegi eta epaitegiena izan ziren. Lehenengo kasuan lortu zuten helburua eta bigarrenean hobekuntza handiak eskuratu zituzten langileek, 9 hilabeteko greba mugagabearen ostean.

Hemendik aurrera soldata arrakala apurtzea izango da jomuga lan hitzarmenetan. “Borrokaren beste puntu batean gaude sindikatuan –adierazi du ELAko delegatuak-. Orain gauzak feminismoaren ikuspuntutik ikusten hasi gara eta soldata arrakalarekin amaitu nahi dugu”. Horri dela eta greba luzeak eta gogorrak aurreikusten ditu.

%80ko soldata arrakala

Elorrioko kasuan, arrakalarekin amaitzeko soldaten %20ko igoera eskatzen du sindikatuak. “Eta gutxi da arrakala % 80koa dela kontuan hartuta”, azpimarratu du. Elorrioko egoitzen eta lokalen garbitzaileek -sektorea guztiz feminizatuta dago- 16.500 euro kobratzen dituzte urtean. Kale garbitzaleek, gizonak ia guztiak, ordea, 28.000 euro urtean.

Udalak %10eko igoera eskaintzen du. Dena den, soldata ez da aldarrikapen bakarra. Lan gainkarga ere sartu da negoziaketetan.

ELAk greba gogorrak eta luzeak aurreikusten ditu sektore feminizatuetan genero soldata arrakalarekin amaitzeko

Zelaiaren esanetan, iragan ostiraleko bileran Udalak lan karga arintzeko pausuak eman zituen, hain zuzen, lan bera egiteko ordu gehiago eskaini zien langileei baina soldataren igoera %6,2ra jaitsi zuen. “Kostuei buruzko taulak eman zizkiguten eta aztertu behar ditugu”. Hori bai, langileek soldaten igoeran %20an ipini dute marra gorria. Beraz, Zeleiak ez du uste Udalaren akordioa onartuko dutenik.

Bilduk dauka Elorrioko alkatetza. ELAko ordezkariak Udalak auzi honekiko duen jarrera empresariek izaten dutenarekin parekatu du: “Aurrekontuaren gaia ateratzen dute behin eta berriro. Hori da patronalak beti ematen duen erantzuna”.

“Ordua da hitzetatik ekintzetara pasatzeko”

Auzi honetatik zera atera du Zelaiak. “Zein izan da gure akatsa? Ezkerreko gobernua edukita genero soldataren arrakalaren kontzientzia izango zutela pentsatzen genuen. Agian udalarekin lan gogorra egin behar genuen lehenago. Adibide hau oso kontuan edukiko dugu eta leku guztietan pedagogia egin beharko dugu lehenago”.

-Ez dute genero arrakalaren kontzeptua ulertzen ala ez dute ulertu nahi?

Feminismoa oso polita da hitzetan, baina garestia da askotan eta hor blokeo handia dago. Ordua da hitzetatik ekintzetara pasatzen hasteko gai honetan eta hori da faltan botatzen duguna. Eta hau ezkerreko gobernu batekin gertatzen bada zer ote da eskumako alderdiekin!