LABek Confesbak salatu du etxeko langileen eskubideak urratzeagatik

LABek Confebask salatu du EAEko Auzitegi Nagusian, etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik. Ekainaren 9an, Confebaskek ukatu egin zuen EAEko etxeko langileentzako lehen hitzarmen kolektiboa sortzeko negoziazio mahaia eratzea.

Horren aurrean, ekainaren 11n, LABen etxeko langileen atal sindikalaren asanbladan, borroka hori ikusarazteko eta negoziazioaren hurrengo urratsetan politikoki eta sozialki eragiteko konfrontazio-agenda adostu zen. Aste honetan, 13an, ekintzak egingo dira.

Negoziazio kolektiboa langileen eskubidea da. Horregatik “patronalak ezarritako mugei aurre egingo diegu”, azaldu dute LABeko etxeko langileek. Konbentzituta daude “bide honetan aliantzak ezinbestekoak” direla eta horregatik batasun sindikalerako deia egiten dute.

Izkutuko ekonomian

EAEn 28.000 etxeko eta zaintzako langile daudela kalkulatzen da, batzuk Gizarte Segurantzan altan eta milaka eta milaka izkutuko ekonomian.

Patronalak ezarritako mugak alde batera utzita, LABek ekintza sindikala bultzatuko duela azpimarratu du negoziazio mahaia eratu eta hitzarmena sinatzea lortu arte.

Diputatuen Kongresuak Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 189. Hitzarmena berretsi zuen ekainaren 11n. Akordio horrek atea ireki dio etxeko langileen kolektiboak Espainiako gainerako langileen lan-eskubide berberak izateari, besteak beste, langabezia-prestazioa.