ELA sindikatuak “greba orokorra” deitu du zainketa publiko eta pribatuko sektorean azaroaren 17rako Hego Euskal Herrian, erakundeek eskaintza “duina”, unibertsala eta doakoa eskain dezaten.
Egoera zaurgarrian dauden pertsonen (adineko eta adingabeen, aniztasun funtzionala dutenen edo bazterkeria arriskuan daudenen) zaintzaz arduratzen diren sektoreetako langile guztiak daude deituta.
Sindikatuak dioenez, pandemiak zaintza-sistemaren arazoak azaleratu ditu, eta ondorioak emakumeen gain geratu dira berriro. “Beraiek dira milaka pertsonen bizitzari eusten diotenak, fisikoki, psikologikoki eta emozionalki esplotatuta”.
Esplotatuenak etxeko langileak dira eta ELAk ez ditu “ahaztu nahi grebarako eskubiderik eta oinarrizko lan-eskubiderik ez duten” pertsona horiek. Gainera, “zaintza merkantilizatuen funtsezko zati bat dira, kasu askotan esplotazio- eta abusu-baldintzetan”
“Lehentasun politikoa”
Sektore publikoan dagoen genero arrakala deuseztatzeko “benetako” neurriak ere eskatu ditu, arreta zuzeneko ratioak hobetzea, bajak lehenengo egunetik ordezkatzea, lan osasuna bermatzeko neurriak eta pandemiaren ondorioak arintzeko “konponketa emozionala” eskaintzea.
Deialdiarekin aldaketa historikoa bultzatzea espero dute, “zainketa sistema publikoa lehentasun politiko handiena bihurtzeko”.
ELAk salatu du zaintza gehienak “pribatizatuta eta merkantilizatuta daudela, etekin ekonomikoa pertsonen zaintzaren gainetik jartzen duten enpresa pribatuen esku”, eta gainera “diru publikoa” dutela oinarri.