Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek 56 greba-egun egin dituzte dagoeneko, sektoreko patronalek negoziazioarekin “interes eta errespetu falta” erakutsi dutenagatik, ELAren ustez.
Abenduaren 21ean, hitzarmen sektorialaren negoziazio-mahaiaren 17. bilera deituta zegoen arren, patronalak hilaren 23ra arte atzeratu zuen, baina berriro bertan behera utzi zuen.
ELAk dioenez, “onartezina da 8 urtez hitzarmenik gabe egon ondoren patronalek beren lan-baldintzak hobetzeko borrokan ari diren langileenganako mespretxu horrekin jardutea, eta erakundeek beste alde batera begiratzea”.
Udalak, zerbitzu-mankomunitateak eta EUDEL dira, besteak beste, langileek erosteko ahalmenaren % 11,20ko galera metatzearen eta lan-osasunaren arloan hobekuntzarik ezaren erantzule, sindikatuaren iritzian.
60 egun
Ondorioz, ELAk beste lau greba egun deitu ditu gaurtik 5era, eta, aurrekoei gehituta, 60 egun egingo dituzte guztira.
Lau egun horietan, langileek kartelak jarriko dituzte zerbitzuaren erabiltzaileak bizi diren atari guztietan, haien egoera agerian uzteko, eta urtarrilaren 4an manifestazioa egingo dute Bilboko kaleetan.