Txotx garaia hasi da eta ‘Ez da sagardoa, zu zara! Hartu ardura!’ jokabide matxista eta arrazistei buruzko kontzientziazio-kanpaina aurkeztu dugu. Hernaniko Berdintasun Kontseilutik, azpimarra jarri nahi izan dugu bai norbanakoaren erantzukizunean baita kolektiboan ere. Hortik, kanpainaren bigarren aldaera: ‘Ez da sagardoa, gu gara! Hartu ardura!’.
Erantzukizun kolektiborik gabe ez baitago ez herririk, ez komunitaterik, ez elkarbizitzarik, ez jai-giro sanorik, ezta inolako eraldaketa sozialik ere.
Gu gara! Hain zuzen ere, kanpainarekin dei egiten diegu herritarrei jokabide matxista eta arrazistei aurre egiteko, ardura hartzeko. Izan ere, arduragabetzeko joera nabarmena da gure komunitatean: “Ni ez naiz, alkohola da”, “Nik ez dut hori egiten, besteek egiten dute”, “Ni ez naiz sartzen, nire lagunaren gauza da”, “Hemengoak ez gara, kanpokoak dira”. Baina guk ez ditugu errudunak, gaiztoak, besteak bilatu nahi.
Zu zara! Salatzeko garaian, sekulako joera dugu edozein eraso matxista edota arrazista eragiten duen hori erantzule bakar gisa seinalatzeko eta kategorizatzeko. Sarri salatzen dugu gainerakook, (eta hemen bai kolektiboki), erasotzaile edo konplize posible bat izatearen susmoa gainetik kentzeko asmoz. Hala, jarrera matxista eta arrazistekiko ardura gainetik kendu nahi izaten dugu.
Egunero-egunero, txotx garaia dela, inauteriak direla edo lanegun soil baten, era guztietako eta intentsitate-maila ezberdineko erasoak eta jokabide matxistak zein arrazistak nonahi gertatzen dira. Eta horiek ez gertatzeko, erantzukizun kolektiboa da giltza. Alegia, horien ardura denok geure egin behar dugu.
Era berean, zentzu kolektibotik ere, ondorengo ideia erraz ulertu beharko genuke: umiliatuta, baztertuta edo, orokorrean, erasotua den pertsona, ez dela inoiz horren erantzule. Bai, aldiz, jokabide matxistak zein arrazistak dituena edo dituztenak. Baita jokabide horiek sotilki (akzioz, konplizitatez edo omisioz) baimentzen eta sostengatzen dituztenak ere. Baina tamalez, hau ez da beti gertatzen.
Horregatik guztiagatik, Hernaniko Berdintasun Kontseilutik, alkohola jokabide matxista zein arrazisten eragile denaren aitzakiari heldu eta buelta eman nahi izan diogu; arestian aipaturiko ideiak txertatuz: ‘Ez da sagardoa, zu zara’/’Ez da sagardoa, gu gara’. Hartu ardura!
‘Gu’ gabeko ‘zu’ bat ez dagoelako, ‘zu’ gabeko ‘gu’ bat ere ez dagoen bezala.
Hartu dezagun ardura. Baina ez soilik Txotx garaian.
Ibai Fresnedo Moreno Hernaniko Berdintasun Kontseiluko kidea da
(Gutuna Kronika.eus-en argitaratu da)