Zaintza lanak demokratizatzeko gidaliburua

Emagin elkarteak Andoainen zaintza lanak nola demokratizatu ikertu du eta ondorioak gidaliburu batean jaso ditu. Nahiz eta herri horretan zentratuta egon, gomendioak beste leku batzuetan ere aplika daitezke.

 ‘Zaintza lanen demokratizaziorantz: Andoaingo zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako ardatzak 2021’ da lanaren izenburua. Bertan, Andoaingo Udalak aginduta,  zaintzaile profesionalen, etxeko langileen, zaintzaile afektiboen zein ama gazteen esperientzia, errelato eta beharrak jasotzen dira.

Egileek azaldu dutenez, lanaren helburua zera da: “Zaintza lanen antolaketa bidegabeari aurre egitea, eta demokratizazio bidean jartzeko aldaketak sustatzea”. Planteamendua aurrera eramateko herri prozesu bat jarriko dute abian udazkenetik aurrera.