Emakumeok ez dugula ezer sortu, ezer asmatu; ez garela existitu ere egin esan digute neskatila eta gazteei
Haurtzaroan, irakurtzen hasi ginenean, mutilek edozer egin zezaketela zioten liburuek, esate baterako: esploratu, konkistatu, injustizien kontra borrokatu, beste batzuen eta euren buruak salbatzu… Neskak, ordea, ez ginen gauza horiek egiteko kapaz, liburuen arabera. Salba gintzan mutil baten zain egon behar ginela sinestarazi ziguten. Ipuinetan agertzen ziren emakume boteretsu bakarrak sorginak ziren eta txarrak zirela esaten ziguten. Baita itsusiak zirela eta bizitza osoan bakarrik egotera kondenatuta zeudela ere.
Ipuinetan agertzen ziren emakume boteretsu bakarrak sorginak ziren eta txarrak zirela esaten ziguten”
Neskatilak ginenean eta eskolara joaten hasi ginenean, mutilak baino ez genituen ikusten leku guztietan. Korrika, espazio osoa beteta eurena balitz bezala, esploratzen eta konkistatzen, han zebiltzan mutilak, liburuetako istorioetan egiten zuten bezala.
Neskak, bazter batean
Eta neskak? Bazter batean egoten ginen, zuhur, lasai beti, neska bat horrela egon behar dela suposatzen da eta; eder, korrika egiten eragozten ziguten arropa politak jantzita, ikustea galaratzen zigun ile ederra erakutsita; gozo, geure burua defendatzeko ezgai eta mutilak gonak altzatzen edo muxuak lapurtzen etortzen zitzaizkigunean, helduek ez ikusiarena egiten zuten, “umeak dira” aitzakia hartuta.
Ume ginenean eta hitz egiten hasi ginenean frantsesez ikasten genuen. Hizkuntza horretan emakumeak ez dira existitzen eta arauek zera diote: “Gizonezko egiturek emakumezkoen gainetik lehentasuna daukate”.
Handi egin ginenean eta beste hizkuntza batzuk ikasi genituenean konturatu ginen ez zela frantsesa bakarrik: hizkuntza gehienetan gara emakumeok ikusezinak.
Umeak ginenean eskolara joateko irrikitan egoten ginen. Historia, literatura, zientzia, arteak… asko gustatzen zitzaizkigun. Baina gizonek zer sortu zuten, zer egin zuten historian, zer idatzi zuten, zer asmatu zuten baino ez ziguten kontatzen…
“Ez genekien emakumeok salbamendu-txalupak, xiringak, hozkailuak… asmatu genituela”
Zinema egun ezagutzen dugun moduan asmatu zuen Alice Guy-z ez ziguten ezer esan. Ezta dena kontra eduki arren kazetaritza goitik behera aldatu zuen Nelly Bly-z; matematiken garapenean funtsezkoa izan zen Emmy Noether-ez edo Mary Andersen-ez, Maria Telkes-ez, Grace Hopper-ez, Stephanie Kwolek-ez, Ann Tsukamoto-z ere.
Ez genekien emakumeok salbamendu-txalupak, xiringak, hozkailuak, izozkiak egiteko makinak, datu-prozesatzaileak, telekomunikazio eta haririk gabeko teknologia, bideo-zaintza, zerra zirkularrak, berogailu zentrala, eskegitako zubiak, urpeko ontziak… asmatu genituela.
Ez genekien DNAren estruktura, bakterien kode genetikoa, izarren osaketa kimikoa, ehundaka planeta, materia iluna, fisio nuklearra, leuzemiarako eta giza papilomarako terapia, Xa eta Ya kromosomak guk aurkitu genituela.
Ezagututako lehenengo idazle Enheduanna-z, Munduko unibertsitaterik zaharrena eraiki zuen Fátima el Fihriya-z, osasun eta emakumeen ginekologiari buruz hitz egin zuen lehenengo Trotula de Salerne-z ez ziguten ezer esan.
Kontinente guztietan kolonizazioaren kontra borrokatu zuten emakume indartsu eta adoretsuez ez ziguten inoiz ezer esan”
Kontinente guztietan kolonizazioaren kontra borrokatu zuten emakume indartsu eta adoretsuez ez ziguten inoiz ezer esan: frantsezen kontra Argelian, Fatma N’Souer; Espainiarren kontra, Hegoamerikan, Manuela Sáenz; britainiarren kontra, Australian, Tarenorerer.
“Gudetan borrokatu genuen”
Historian zehar, gudetan borrokatu genuen, bidaiatu genuen, esploratu genuen, aurkikuntzak egin genituen, pertsonak eta gerrariak gobernatu genituen, hegazkinak gidatu genituen, piratak izan ginen… Baina ez genekien ezer horretaz, ez zigulako inork kontatu.
Gure bizitza osoan, emakumeek inoiz ez zutela ezer asmatu esan ziguten. Historia liburuetan ez genuen eredu femenino indartsurik, konplexurik ikusi. Ezta telebista, irratia, politika, museo eta zineman ere. Ez genuen horrelakorik inon aurkitu.
Mundu maskulinoa
Neskatilak mutilak baino gutxiago direla sei urte ingururekin hasten dira pentsatzen. Dena maskulinoa den mundu batean bizi dira, kaleen izenetatik hasi eta jainkoak eta lehendakariekin jarraituta. Munduaren irudikapena partziala izanda, nola ikusiko dugu geure burua indartsu, inspiratzaile, osorik?
Pentsa dezagun ezabatuta dauden emakume guztiengan. Eredugarriak izan baina mirestu ezin ditugun emakumeengan. Beraien izana ezkutatu egiten da politak izatea eta besteak zaintzea baino ezin dugula egin pentsa dezagun… Emakume horiek ezagutzea eta euren izenak jakitea gustatuko zitzaigun.
Historian ahaztuta
Emakume horiek guztiek historia egin zuten baina ahaztuta utzi zituzten: artistak, zientzialariak, aktibistak, heroiak …. Iruditeria kolektiboan sexismoak desagerrarazi zituen emakumeak dira.
Emakume bezala, euren historiak kontatu behar ditugu. Inguratzen gaituzten emakume gazteei, mundu osoari zor diegu eta. Gainera, haietaz hitz egitea, gutaz hitz egitea da. Geure ahotsak, geure lekuak berreskuratu behar ditugu, bizitza lapurtzen ari zaigu eta.