6 hilabete prekaritatearen aurka dantzan

Iruñako La Morea gune komertzialaren H&M dendako langileek, zeintzuk euren prekaritatea salatzeko Shakiraren abesti bat erabiliz ospetsuak egin ziren 6 hilabete daramatzate jada greban

ELAk langile gehienek hilean 500 euro kobratzen dituzten bitartean enpresak negoziazioa blokeatzen jarraitzen duela eta 20 milioi euro dibidenduetan banatu dituela salatu du.

La Morea merkataritza guneko H&M dendan 18 langile daude, ELAko ordezkari batek ordezkatuta. Joan den ostiralean 6 hilabete bete zituzten greba mugagabean, lan baldintzak hobetzeko borrokan. Euskal sindikatuak dioenez, 2009tik soldata izoztuta dute eta erosahalmenaren %25 galdu dute. Horri gehitu behar zaio langile gehienek lanaldi partziala dutela, eta, beraz, 500 euroko soldata dutela.

Aldarrikapenak

Aldarrikapen nagusiak erosahalmena berreskuratzeko soldata igoerez gain, igande eta jaiegunetan irekitzearen aurkako neurriak, partzialtasuna murrizteko benetan lan egiten diren lanaldiak egonkortzea eta online salmentak lanposturik ez suntsitzea dira.

Enpresak negoziazioa blokeatzen jarraitzen du, eta hilabete hauetan aldarrikapenetatik oso urrun geratzen den eta prekarietatea betikotzea ekarriko lukeen eskaintza baino ez du egin, salatu du ELAk. “Denbora honen guztiaren ondoren eta denda itxita eduki arren, enpresak ez du benetako negoziaziorako borondaterik erakutsi eta, beraz, gatazka honi amaiera emateko asmorik ere ez. Bien bitartean, H&Mk 20 milioi euro banatu ditu dibidenduetan”, dio sindikatuak.

Horregatik, iragarri du langileek grebarekin eta mobilizazioekin jarraituko dutela, enpresa lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat negoziatzera behartzeko.