Zornotzan egingo den Emakume Nekazari eta Artisauen Azokan izena emateko epea zabalik dago

Amorebieta-Etxanoko Udalak Emakume Nekazari eta Artisauen Azokaren 26. edizioa antolatu du martxoaren 9rako, eta bertan parte hartzeko izen-ematea otsailaren 15era arte egin ahal izango da.

Martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekimenaren helburua “emakumeek arlo horretan egindako lana ikusaraztea” da Udal arduradunen esanetan. Izan ere, “historikoki sektore honetako bizkarrezurra eta eskulana izan dira emakumeak, eta hauen funtzioa ezinbestekoa izan da familien ekonomiarentzat, eta euskal gizarte, kultura eta tradizioarentzat”.

Azokaren edizio honetan parte hartuko duten emakumeek artisau eta nekazaritza produktu ugari erakutsiko dituzte, eskuragai izango baitira ogia, gozogintza, marmeladak, fruta eta barazkiak, fruta gozokiak, arropa eta osagarriak, besteak beste.

Zelaieta parkean jarriko den karpan kokatuko den azoka, 10:00etatik 15:00etara egongo da zabalik. Ezinbestekoa izango da azokan ikusgai jartzen duten guztia Euskal Herrian egoitza duten emakumeek egina izatea.

Izena eman nahi duten emakumeek otsailaren 15era egin ahal izango dute, udal webguneko ‘Izen-ematea’ atalaren bitartez, edo bestela, eskatutako informazioa emanez, emakumeak@landa21.com helbidean.

Udalak deialdiaren ebazpena zuzenean jakinaraziko dio onuradunari, hark emandako helbidean, 2024ko otsailaren 16tik aurrera. Onarpena izen ematearen arabera egingo da, eta aukeratutako pertsonak lau eguneko epea izango du onarpena berresteko, jakinarazpena jaso eta gero.