Satur Abon, Bagabiltzaren arima eta irribarrea

Bagabiltzari emandako 2007koEmakunde Saria jaso zuen Satur Abonek.

 “… Baina badaude bizitza osoan borroka egiteari uzten ez diotenak ere, eta horiek, horiek bai, horiek ezinbestekoak zaizkigu” Bertolt Brecht

Antzerkigile alemaniarraren hitz ezagun hauek ezin hobeto egokitzen zaizkio Satur Aboni, aktibista, arte kritikari eta idazleari. Hainbat ekimenetako sustatzailea, garrantzitsuenetarikoa Bagabiltza fundazioa izan zen. Izan ere, erakunde horretatik emakume xumeen jabetzaren alde lan nekaezina egin zuen ia 30 urtetan, 2017an hil zen arte.

Bagabiltza pasa den mendeko 1988-89 ikasturtean sortu zen, Bilboko Txurdinaga, Otxarkoaga, Santutxu eta Begoña auzoko 15 andreren eskutik. Horietako bat, Satur Abon, gerora koordinatzailea izendatu zuten. Emakumeen formakuntza, gizarteratze, kultura eta lan beharrei erantzutea zuten helburu aukera berdintasuna kontuan hartuta.

Apustua erabat feminista

Apustua erabat feminista zen, feminismoa azpikulturaren parte zenean. Genero “mainstreaming”a edo zeharkakotasuna aldarrikatu zuen Saturrek, hori zer zen ere oraindik ez genekienean. Zera adierazi zuen BBKren algitalpen batean: “Genero perspektiba arlo guztietan aplika dezaten nahi dugu. Berdintasun aukera nahi dugu emakumeak gizarteratze eta lan merkaturatzean, eta eurek baliabide materialen jabetza eta kontrolean parte har dezaten ere bai. Halaber, emakumeek gizarte arlo desberdinetan influentzia izan dezaten nahi dugu”. Eta gehitu zuen: “Elkarte sareak eta garapenerako lankidetza ere bultzatuko dugu eta helburu horietan aurrera egiten laguntzeko eta hausnartzeko guneak sortuko ditugu. gainera, presio politiko-sozialerako ekintzak garatuko ditugu”.

Arlo horietan eskarmentu handia zeukan. 1983 eta 1987ren artean Bilboko Udaleko Herri Batasunaren zinegotzi aritu zen. Hil ondoren, garai hartako alderdikidea Mikel Arizaletak hitz hauek eskaini zitzaizkion ‘Kaos en la Red’en: “Ezagutu nuenean ollarganen txabolen iragan luzea zuen, eskuzabaltasun eta talde-lanez ongi jabetuta. Satur aboni nazioarteko elkartasuna zerion, baita auzoetan landutako gizatasuna; enpresa, eta behartsuekin kolaborazioaren usaina, eta emakumearen zaporea ere”.

Hitz politak, Gontzal Mendibil kantariak idatzitakoak bezain ederrak: “Dirua eta botere bokazioa gailentzen den munduan, idealik ez dagoen munduan, Saturrek, emakume konprometitua, aktiboa eta adoretsua eta zerbitzu bokazioa irudikatzen zuen. Konpromisua izan zen haren bizi-apustua”.

Bizitza emankorra

Bizitza emankor horrek emaitza izugarriak lortu zituen. Egun Bagabiltzak hiru egoitza dauzka, Bilbaon, Sestaon eta Erretuerton. Heziketa arloan, prestakuntza aurautua eta ez arautua eskaintzen ditu. gainera, bitartekaritza lanak eta bidaia kulturalak ere antolatzen ditu. Guztira, 22.000 pertsonek baino gehiagok —emakumeak dira ia guztiak— parte hartzen dute antolatzen dituen programetan.

Mendibilek dioenez, Jose Agustín Goytisoloren ‘Juliarentzako hitzak’ poema oso gustokoa zuen bilbotar kementsu honek eta inspirazioa eta indarra ematen zizkion. Honela diote bertso batzuek: “Besteek zuk sostengatzea espero dute, zure alaitasunak lagun diezaien, zure abestia haien abestien artean… Ez etsi, ez baztertu bidearen ondoan, ez esan ezin dut eta hemen geratuko naiz. Bizitza ederra da, atsekabe guztien artean maitasuna izango duzu, lagunak izango dituzu”.  Duda barik, muturreraino eraman zituen agindu hauek Abonek eta saria ere eskuratu zuen: Asko borrokatu zuen, maitasun ugari eman eta jaso zuen eta nahiz eta gaixotasun luzea jasan irribarrea ezpainetan esan zion agur bizitzari.

Utzi erantzuna