‘Landabarrenako damia’ erakusketak Pilar de Zubiaurreren ibilbidea berreskuratu du

Durangoko Arte eta Historia Museoak ‘Pilar de Zubiaurre. Landabarrenako damia’ erakusketa aurkeztu zuen atzo. XX. mendearen lehen erdian euskal kulturarekin lotura estua izan zuen emakume baten ibilbidea berreskuratu eta balioesten duen erakusketa da. Lan, argazki eta dokumentuen bitartez, erakusketak bere alderdi artistiko, kultural eta sozialak aztertzen ditu eta azaroaren 29ra arte bisitatu ahal izango da.

Ekimena ‘Landabarrenako damia’ dokumentalarekin lotuta dago; Ainhoa Olaso eta Markel Onandia filmatzen ari dira egun. Bi proiektuek Pilar de Zubiaurreren figuran sakontzea eta haren ibilbidea ezagutaraztea dute helburu; izan ere, hamarkadetan bigarren mailan geratu zen haren ibilbidea, Ramon eta Valentin de Zubiaurre anaia artisten ospearen aldean.

Paule Sanchez Durangoko Arte eta Historia Museoko presidenteak nabarmendu duenez, “erakusketa honek Pilar de Zubiaurreren figura ikuspegi propio batetik berreskuratu eta aitortzeko aukera ematen digu, bere garaiko kultura-bizitzari egin zion ekarpena balioan jarriz, anaien ibilbidetik harago”. Ildo horretan, honakoa adierazi du “museotik gure memoriaren parte diren historiak eta figurak ikusarazten lagundu nahi dugu, eta herritarrengana hurbildu. Erakusketa hau aukera bat da XX. mendeko euskal kulturan zeregin garrantzitsua izan zuen emakume baten alderdi artistikoa, intelektuala eta soziala ezagutzeko”.

Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia Museoko koordinatzailea da erakusketaren komisarioa. Zubiaurre familiaren bildumako, Bilboko Arte Ederren Museoko eta Bizkaiko Foru Aldundiko Artxiboko piezak biltzen ditu erakusketak. Ibilbidea hiru esparrutan egituratuta dago, Pilar de Zubiaurreren bizitzaren eta ibilbidearen hainbat alderdi ezagutzeko.

Lehen esparruak Pilar sortzaile gisa aurkezten du. Madrilgo Real Conservatorio de Música kontserbatorioan jaso zuen musika-prestakuntza; marrazkigintzan eta erliebean lantzeko teknikan ere interesa izan zuen, eta literatura- eta kazetaritza-jarduera nabarmena garatu zuen hainbat ezizenez, besteak beste, Hulda de Garay eta Landabarrenako damia izenekin.

Lyceum Club Femenino

Bigarren esparruak haren gizarte- eta kultura-bizitza oparoa du ardatz. Pilarrek harremana izan zuen artista, idazle eta intelektual ugarirekin, eta topaguneak sustatu zituen; horien artean, ‘Zubiaurretarren larunbatak’. Solasaldi horiek Madrilgo kultura-bizitzako pertsona nabarmenak bildu zituzten 1910eko hamarkadan. Gutunek, eskaintzek eta bestelako dokumentuek harreman-sare hori berreraikitzeko aukera ematen dute.

Erakusgai dauden piezen artean, Federico García Lorcak Pilar de Zubiaurreri eskainitako Romancero gitano liburuaren ale bat nabarmentzen da. Atal horrek emakumeek kultura-bizitzan presentzia izatearen alde Pilarrek izandako konpromisoa ere jasotzen du, baita Lyceum Club Femenino elkartearen sorreran izan zuen parte-hartzea ere. Emakumeen parte-hartze intelektuala eta kulturala sustatzeko garaiko ekimen nagusietako bat izan zen hura.

Hirugarren esparruak haren familia-ingurunea du ardatz. Argazkiek eta Ramon eta Valentin de Zubiaurreren obrek —horietan Pilar ageri da— haren bizitzaren alderdi intimoago batera hurbiltzeko aukera ematen dute, baita anaiekin zituen loturak eta Zubiaurre familiari estuki lotutako Garai herriarekin zuen harremana ezagutzekoa ere.

Erakusketak, gainera, lotura zuzena du ‘Landabarrenako damia’ dokumentalarekin. Museoaren beheko solairuan, Pilarren omenez sortutako eta ikus-entzunezko proiektuarekin lotutako hainbat lan garaikide daude ikusgai: Pablo Maravik eta Laura Ibañezek familia-irudietatik abiatuta egindako lana, Arrate Rodriguezen ilustrazio bat, Iruri Altzerrekaren bertso bat eta Maite Arroitajauregiren abesti bat. Azken hori Federico García Lorcak Pilarrentzat idatzitako Tres ciudades poeman oinarrituta dago.

Hitzaldiak eta bisita gidatuak

Erakusketak eta dokumentalak, beraz, elkarren osagarri diren bi ikuspegi eskaintzen dituzte: bata intimoa eta familiari lotutakoa; bestea, berriz, Pilarren jarduera artistiko, kultural eta sozialean ardaztutakoa. Biek batera, bere garaiko kultura-bizitzan aktiboki parte hartu zuen emakume baten erretratu zabalagoa osatzen laguntzen dute.

Durangoko Arte eta Historia Museoak, gainera, hitzaldi eta bisita gidatuen programa bat antolatuko du, Pilar de Zubiaurreren bizitzaren eta ibilbidearen hainbat alderditan sakontzeko.

‘Pilar de Zubiaurre. Landabarrenako damia’ erakusketaren bidez, artisten eta intelektualen arteko loturak sortzen eta euskal kultura zabaltzen funtsezkoa izan zen figura baten memoria berreskuratu nahi du museoak, eta haren ibilbidea aldarrikatu, Ramon eta Valentin de Zubiaurre anaiekin zuen familia-loturaz harago.