Maskulinitate kontzeptua aztertuko du zapatuan Abadiñon antzezlan batek

Xake Producciones konpainiak ‘Fadoak entzuten dituen gizona’ antzezlana taularatuko du zapatuan Abadiñoko Errota Kultur Etxean. Lan horretan maskulinitatearen kontzeptua aztertzen da, kamioilari baten eta fado-kantari baten arteko kasualitatezko topaketa baten bidez, Argi Abad Kultura zinegotziak gaur esan duenez.

Ander Huelvako Ayamonte herrian antolatzen den fado lehiaketa amateur batera doa bertan parte hartzeko asmoz. Autostopean ari dela, Mariok jasoko du bere kamioian. Kasualitateak kasualitate, Anderrek eta Mariok lehenagotik ezagutzen dute elkar, baina urteak dira ez dutela elkarren berri izan. Berezia izango da elkarrekin egingo duten bidaia, batez ere, Masku izeneko pertsonai misteriotsuak baldintzatuko duelako.

Getari Etxegaraik zuzenduta, Iñigo Aranbarri, Ane Gabarain eta Kepa Errasti arituko dira oholtzan. Saioa 19:00etan hasiko da eta sarrerak bost euro balioko du. Argi Abadek antzezlan hori ikusera joateko deia egin die herritarrei, argituz koronabirusaren aurkako neurri guztiak hartuko direla. “Segurtasun-tartea zainduko da aretora sartzean eta musukoa jantzi beharko da. Jabetu behar dugu segurtasun guztiaz goza dezakegula kulturaz Abadiñon”, esan du.