Arte eszenikoak eta zinema Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko

‘Hiru kortse azukre asko eta brandy gehiegi’.

Datorren martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Abadiñoko Udaleko Berdintasun eta Aniztasun Sailak emakume erreferenteak eta emakumeekin lotutako arazoak ardatz hartzen dituzten jarduerak programatu ditu. Udalak dei egin die herritarrei emakumeen eskubideak eta erabateko berdintasuna aldarrikatzeko antolatutako ekitaldietan parte har dezaten.

Programazioa martxoaren 3an hasiko da, Gentzane Martínez de Osaba Ruiz zuzendariaren ‘Aire’ dokumentalaren emanaldiarekin (euskaraz). Dokumentala, Euskal Herriko eta Kataluniako gazteek XX. mende hasierako Maurizia Aldeiturriaga pandero-jotzaile iraultzailearen irudian oinarritutako abesti bat prestatzeko izan duten bizikidetzari buruzkoa da. Euskadiko plaza nagusietan abestuz, Arratiako artista bere garaiko ikono bihurtu zen. Emanaldia arratsaldeko 18:30ean hasiko da Errota Kultur Etxean eta zuzendaria bertan izango da.

Gainera, hilaren 15ean, Errota Kultur Etxean bertan, Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroaren ‘Hiru kortse azukre asko eta brandy gehiegi’ antzezlana programatu da (euskaraz). Emakume 1, 2 emakume, 3 emakume, kanpai-hotsek lagunduta, askari-mahai baten inguruan elkartzen dira unean-unean. Euren gorputzak tisanaz, pastaz, azukrez eta pasteltxoz betetzen dituzte, euren egunerokotasunaz berba egiten duten bitartean, indarrez, umorez eta irudimenez betetako eszenaratzearekin. Bi ekitaldietarako sarrera doakoa da baina gonbidapena jaso behar da astelehenetik aurrera Errota Kultur Etxean edo Udal Mediatekan.

​“Gure eguneroko lana da, egiazko berdintasun baten alde lan egitea eta aurtengo martxoaren 8an bidezkoa da emakumeen memoria kolektiboa berreraikitzea, iragana-oraina-etorkizuna fluxua aktibatuko duena. Genealogia feminista ikusarazteko eta emakumeekiko historiaren ahazturak erreparatzeko, belaunaldien arteko transmisioa bermatuz, emakumeak beren historiarekin lotuko dituena, ahalduntzeko nortasun kolektibo bat eraikitzeko. Antolatu ditugun ekintzek, gure historian erreferente izan diren emakumeak ezagutzeko aukera emango digute”, azaldu du Naiara Bildosola Narbaiza Berdintasun eta Aniztasun zinegotziak.