Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren –azaroak 25– inguruan, Abadiñoko Udaleko Berdintasun eta Aniztasun Arloak hitzaldiak eta arte eszeniko garaikideak biltzen dituen jarduera-programa diseinatu du azarorako, gizarte-arazo larri horren inguruan hausnartzeko eta sentsibilizatzeko. Hori dela eta, herritar guztiei parte hartzeko deia egiten die, emakumeen aurkako indarkeria matxista ikusarazteko eta gaitzesteko.
Programazio berezia datorren asteazkenean, hilak 15, hasiko da, Nerea Barjolak jaian eta aisialdian gertatzen den indarkeria sexualari buruz egin duen ikerketaren aurkezpenarekin. Hitzaldia, gaztelaniaz, 18:00etan hasiko da Errota Kultur Etxean. Nerea Barjola (Santurtzi, 1980) Feminismoetan eta Generoan doktorea da EHUn, eta Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua. Bere lan akademikoa emakumeen aurkako sexu-indarkeriaren irudikapenen eta sexu-izuaren eraikuntzaren inguruko hausnarketan oinarritu du, hainbat artikulu eta txostenen bidez.
Azaroaren 17an performance musikatu bat programatu da 20:30etik aurrera Errota Kultur Etxean. Maider Lasa Santamaria gasteiztarraren ‘Loa Loa, laguna’ proiektu eszenikoa, askotan emakumeek jasan izan duten indarkeria sinboliko eta kulturala islatzen duen euskal kantutegiko sehaska abestien bertsio ariketa da.
Hilaren 24an, Las Kapritxosas taldearen ‘Biolentzia matxisten aurkako 24 orduko konponketak’ kaleko pieza eszenikoa 18:00etan hasiko da Pinu plazan. Programazio berezi horri amaiera emateko, abenduaren 1ean, 19:00etan, Errota Kultur Etxeak Zelako Kultur Ideiak taldearen euskal sortzaileen egoera antzeztu eta kultur sektorearen androzentrismoa ikusarazten duen ‘EMCKUMEAK’ antzezlana hartuko du. Antzezlan hori, gainera, Euskaraldiaren barruan dago.
“Konprometituta gaude eta egunero egiten dugu lan, esparru guztietan, indarkeria hori desagerrarazteko eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak lortzeko. Eguneroko borroka da, baina egun horretan, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, gehiago ikusten da. Aurtengo programazioaren bidez, hausnarketarako eta sareak sortzeko espazioak sortu gura izan ditugu, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren adierazpen desberdinetan sakonduz eta horren izaera estrukturala, kulturala eta ekonomikoa azpimarratuz”, azaldu du Naiara Bildosola Berdintasun eta Aniztasun zinegotziak, eta programatutako ekitaldietan parte hartzera eta inplikatzera eta urte osoan lan egitera animatu ditu herritarrak, emakumeen aurkako indarkeria gure gizartetik desager dadin.
Udalak bat egingo du Abadiñoko Mugimendu Feministak Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, deitutako mobilizazioekin, eta parte hartzeko deia egin die herritarrei.