I Antropologia Feminista kongresua Donostian izango da 2020ko ekainean

I Antropologia Feminista kongresua Donostian egingo da 2020ko ekainak 3, 4 eta 5ean Euskal Herriko Unibertsitateak prestatuta ‘Ezagutza eraldatuz. Deserosotasuna biziz’, lelopean.

Programa ez dago prest oraindik eta antolatzaileek horren berri eta izen-ematearen inguruko informazioa aurrerago zabalduko dutela esan dute. Hala eta guztiz ere, posta elektronikoa jarri dute eurekin kontaktuan jartzeko (afeministakongresua@gmail.com) eta sare sozialetako profilak ere egin dituzte (Twitter: AntropologiaFeministaKongresua (@kongresua) Instagram: AntropologiaFeministaKongresua Facebook: Antropologia Feminista Kongresua)

Antropologia feminista XX. mendearen hirurogeita hamarkadan sortu zen, nahiz eta lehenago ere hainbat aurrekari esanguratsu egon. Antolatzaileek diotenez, bere helburu nagusietako bat “diziplina barruko zein kanpoko ezagutza eta errealitatea aldatzea da eta horretarako ezarritakoari aurre egin behar zaio eta deserosotasuna apustu kontzeptual, pertsonal eta politiko bihurtu beharra dago”. Hortik izenburua.

Talde bat EHUn

Espainiako estatuari dagokionez, “eremu hau asko hazi da azken hamarraldietan”. Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) talde bat eratu zen aspaldi –momentu honetan Mari Luz Esteban Galarzak lideratzen duena- eta hauexek dira lantzen ari diren ildoak: Gizarte desberdintasun eta bazterketako prozesuak gaur egungo abagune politiko eta ekonomikoan; berdintasun politikak eta politika feministak hainbat eremutan; gorputzaren emozio, praktika eta politikak eta hainbat ikusmolde teoriko eta metodologiko berrikustea.

Euskal antropologo feministen arabera, gaur egun une aproposa da bultzatzen ari diren ikasketen egoera aztertu eta elkarrekin eztabaidatzeko. Eta honako aspektuak aintzat hartu behar dituztela uste dute: “Egiten ari diren ekarpenak, proposamen teoriko-metodologiko ezberdinak, beste diziplinekiko harremanak, dimentsio aplikatua eta gizartean txertatzeko moduak eta aurrean ditugun erronkak”.