Herritarrek Baztango makroproiektua gelditzea lortu dute

Baztango Aroztegiko makroproiektu urbanistikoaren lanak aprilean hasi ziren. Berehala, eskualdeko gazteek mobilizazioei ekin zieten egitasmoa inpostaua eta ingurugirorako kaltegarria zelakoan.

Prozesuaren erdian, lanak gelditzeko jende gehiago behar zutela ikusi zuten eta kanpaleku iraunkor bat egiteko laguntza eskatu zuten. Nafarroa osotik, Gipuzkoatik eta Ipar Euskal Herritik bertaratu zen jendea. Bilgune feministak babesa eman zion ekimenari. Hortik Aroztak mugimendua sortu zen eta 11 eguneko kanpaldiaren ostean, lanak alde batera utzi dira.

Garai partziala dela konbentzituta, ekintzak antolatzen jarraituko dute. Datorren larunbatean manifestazioa deitu dute proiektua behin betiko gelditzeko asmoz.

Baztango ekintzaileek interes pribatuaren mesedetan eta herritarren beharren eta naturaren orekaren kontrako ekimena dela uste dute. “Krisi ekosozial baten erdian gaude eta alternatibak sortu beharrean, horrelako makroproiektuak bultzatzen dituzte” esan zion Lierni Oteizak ‘Nafarroako Hitza’ri.

Kritikak

Proiektuak ez duela turismoa erakarriko, baizik eta “Baztan txikituko” duela gaineratu zuen. Bestalde, kanpotik inposatu duten ekimena da eta herritarren interesekin bat ez datorrena esan zuen. “Badakigu nola bizi nahi dugun” azpimarratu zuen. “Oreka bilatu behar da, herri txikiak babestuta”, zehaztu zuen Aintzane Ariztegik.

Aktibistek eraikuntza arloko patronala biltzen duen Anecop elkartearen eta CC OO sindikatuaren kritikak jaso dituzte. Lehenak Aroztegian lanean ari ziren langileek “jazarpena” eta “mehatxuak” jasan zituztela esan zuen eta sindikatuak beharginei egindako “presioaz” hitz egin zuen. “Hau ez da langileen kontrako mugimendu bat, txikizioaren kontrakoa baizik” argitu zuen Oteizak.

“Badakigu hau ez dela hemen amaitzen. Baina pila bat gara, indartsu gaude, eta, bueltatzen badira, gu ere bueltatuko gara”

Mugimenduan jarraitzeko ekintzak antolatzen diren bitartean, erne daude. “Ez gara inozenteak, badakigu hau ez dela hemen amaitzen. Baina pila bat gara, indartsu gaude, eta, bueltatzen badira, gu ere bueltatuko gara”, ohartarazi zuen.

Lekaroz herri txikian luxuzko hotela eta 226 etxebizitzako urbanizazioa eraiki nahi dute. Hotel Palacio de Arozteguía Baztan Curio Collection by Hilton izena hartuko duen XIV. mendeko Lekarozko jauregiak “turismo integral”eko 126 logela eskainiko ditu. Hurbileko etxebizitzen inguruan urbanizazioa, golf zelaia, fitness zonaldea, igerilekua, ‘spa-weelnnes’ eta lorezaintza eskola bat ere izango ditu. Goi mailako turistentzako eskaintza izango da.