Emakumeen Mundu Martxak Palestina, Sahara, Kurdistan eta Kolonbiako erasoak salatu ditu

Argazkia: Ecuador EtxeaEuskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak “gogor” salatu ditu Palestina, Sahara, Kurdistan eta Kolonbiako herriak azken asteetan jasaten ari diren “erasoak, giza eskubideen urraketak eta hilketa basatiak”.

Gatazka ezberdinak diren arren, elkarte feministak “haien arteko paralelismo ugari” ikusi du eta “kapitalaren interesak bermatzea helburu komuna” dutela dio. Horretarako, heteropatriarkatu klasista, kolonialista eta militarizatuak, “eskubide legitimoak eskatzen ari diren lurralde hauen” aurka egin du.

Komunikatu batean adierazi dutenez, “asko dira lurralde horietatik jasotzen ari garen albisteak, eta salatu nahi dugu, Israeleko estatu terrorista, Turkia, Maroko eta Kolonbiako estatu faxistak, beren polizia eta armaden bidez, berriz ere emakumeen gorputzak gudu-zelai erabiltzen ari direla, bortxaketa, tortura, irain eta eraso sexistak eginez. Nazkatuta gaude!”

Argi eta garbi salatu nahi dute “sexu-indarkeria gerra-taktika bat dela, emakumeen bizitzetan eta gorputzetan ondorio suntsitzaileak uzten dituena”.

Mundu hobe bat

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak askatasunaren alde borrokan dauden “gure kideei” elkartasunik sendoena eman die eta exijitu du “inposatutako gerra horiek amaitu egin behar direla!”.

Azkenik, Euskal Herrian Palestina, Kolonbia, Kurdistan eta Saharako herriei elkartasuna adierazteko egiten ari diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi dute. “Hainbeste krudelkeriaren aurrean, beharrezkoa da gogoan izatea mundu hobe bat beharrezkoa ez ezik posible ere badela”, azpimarratu dute.