Bilboko feministen aurkako beste jazarpen kasu bat sexu erasotzaile bat identifikatzeagatik

Bilboko mugimendu feministak jazarpen kasua berri salatu du, oraingoan sexu erasotzaile bat identifikatzeagatik. A25Eko manifestazioan Ertzaintzak hiru aktibistari ireki zien espedientea pankarta bat eskegitzeagatik.

Feministek tabernari batek emakume bat drogatu eta bortxatu zuela salatu dute. Ohar batean diotenez, gizonak “harro eta erasokor” barra atzean jarraitzen duen bitartean hainbat polizia erakundetako agenteek “hogei persona inguru identifikatu gaituzte gertatutakoaren berri emateagatik”.

Askotan, “gurekin indarkeriazko jarrera izan dute: inguratu gaituzte, mehatxuekin beldurtzen saiatu dira eta kalez jantzitako poliziek jarraitu gaituzte modu erasokorrean identifikatzeko”, diote. Gainera, bi kidek 2500 euroko isunak jaso dituzte, “Bilboko Udaltzainek asmatutako gezurretan oinarrituz”. Hori dela eta, epaitegietara joan behar izango dute urtarrilaren 10ean.

Isunak ordaintzeko erresistentzia kutxa eta materiala prestatu dute. Uka artistak bereziki honetarako diseinatu duen lamina atera dute. Zirika herri dendan eta Kalamiak eta Akelarre talde feministen sare sozialen bitartez daude eskuragarri.

Kriminalizazioa

Emakumeen ustez, horrelako jarrerek elkarrekiko zaintza feminista “jazarri, mehatxatu, zigortu eta kriminalizatu” nahi dute. Ez dela kasu baakarra gogoratu dute. “Duela gutxi Algortako mugimendu feminista ere jarri zuten jo puntuan”.

Horren aurrean, “irmotasunez” zera adierazi dute: “Kriminalizatzen bagaituzte ahal dutelako da. Drogatzen bagaituzte ahal dutelako da. Ahal dutelako bortxatzen gaituzte. Eta ahal dutelako jarraitzen dute bortxatzaileek eroso eta lasai. Sistema oso batek babesten ditu. Epaitegietan, komisaldegietan, komunikabideetan eta baita kalean eta tabernetan ere”.

Zuriketa morea deitoratu dute. “Propaganda morez inguratuta gauden garai honetan ere, oraindik, erasotuaren errelatua zalantzan jartzen duen jendea dagoelako. Oraindik, mugimendu feminista epaitzen duen jendea dagoelako. Oraindik, horrelako egoeren aurrean, beste alde batera begiratzen dutenak daudelako”.

Biktimei sinesten dietela azpimarratu dute eta ‘auzodefentsa’ feminista aldarrikatu dute.