Bestekaleak.eus egitasmoak andra esanguratsuak ezagutarazi nahi ditu

Komunikazioa eta teknologia uztartzen dituen Lametza proiektuak Beste Kaleak egitasmoa jarri du martxan. Emakumeen ikusgarritasuna espazio publikoetan handitzea du helburu. Horretarako bestekalea.eus webguneak Euskal Herriko 50 emakume esanguratsu baino gehiagoren istorioa jaso du.

Egileek diotenez, proiektu interaktiboa da, herritarra eta partehartzailea. Nahi duenak bertan ekarpenak egiteko aukera dauka.

Helburua emakumeen bizipen eta lorpenak ezagututa kaleei euren izenak ematea da. Horregatik weborrian agertzen diren andreei eskainitako plakak prest daude inprimatzeko. “Hartara, nahi duenak emakume hauen izen plakak erabili ahal izango ditu omenaldia egiteko”, azaldu dute.

“Guztion betebeharra”

Beste kaleak.eus-en biolentzia sinbolikoa salatzen da. Hau da, “historia egin dutenen erdiak garaiko liburu, aldizkari eta egunkarietatik at” egotea. Emakumerik ez agertzeak historia liburuetan, Wikipedian, zientzia aldizkarietan eta filmeetako protagonisten artean iragana ezagutzea oztopatzen du eta baita presentearen inguruan hausnartzea ere.

Ekimenaren bultzatzaileek pertsona guztiak animatzen dituzte emakumeen ekarpenak bistaratzera, “guztion betebeharra” dela konbentzituta.