Ahizpatasun ariketa

Astegoien itzela izan da. Potentea. Kolosala. V. Jardunaldi Feministak izan ditugu Durangon. Parte hartze historikoa. #Saldabadago eta #saldagara txiokatu dugu etengabe.

3000 emakume elkarren ondoan, 3000 buru pentsatzen, 3000 bihotz taupadaka, 3000 aho berbetan, 6000 begi erne, 6000 belarri adi, 6000 esku mugimenduan.

Besarkada estuak, mosu gozoak, telefono eta helbide trukaketak, hurrengo hilabeteetako planak, hitzorduak…. Ehundaka aldarrikapen. Milaka amets. Milaka bizipen daramatzagu etxera, auzora eta gure talde feministetara. Zailtasun eta sasi guztien gainetik aurrera egiteko indarra.

Hasi ginenean baino askoz gehiago gara. Hasi ginenean baino gehiago dakigu. Bidean palukada ugari jaso dugu, baina zailduta gaude. Ez dugu etsiko. Gainera, belaunaldi berriak indartsu datoz eta horrek poztu egiten gaitu. Izan ere, feministon alabak dira asko eta asko. Feministen titia edandako neskak. Feministekin txikitatik manifetan ibilitako gazteak. Harro eta pozik gaude, ereindako hazia fruitu ederrak ematen ari da. Lur emankorrean erein dugu hazia, antza.

Hiru egun hauetan hainbat belaunalditako emakumeok erronka asko jarri ditugu eta bidea ez dela erraza izango jakin badakigu, baina jardunaldietan edan dugun saldak eman digun indarra geldiezina da, halan da ze, tsunami hau geldituko duenik ez zaigu aurrean jarriko, ez horixe.

Berba gutxitan, txioetatik jasotako hitzak erabiliz, honela laburbilduko nuke jarraibidea.

Euskal Herriko egoera politikoa eta soziala kontutan hartuta, zeintzuk dira euskal mugimendu feministaren erronkak?

Euskal mugimendu feministak teorian eta praxian heteropatriarkatua, arrazismoa eta kapitalismoa borrokatzeko agenda partekatua osatu eta garatu behar du.

Norekin egin behar dugu bide hau?

Feminista guztiekin. Mugimendu feminista anitza onartuz, ditugun pribilejioak errekonozituz, zapalkuntzen hierarkizaziotik ihes eginez eta mugimendu feministan zein espazio mistoetan borrokan ari diren feminista guztien artean zubiak eta aliantzak eraikiz.

Nola egingo dugu?

Autodefentsa feministaz, gure arteko gatazkak kudeatuz eta gaindituz, periferian kokatu ditugun zapalduek daukaten espazioa errespetatuz inongo tutelajerik gabe, aliantzak sortuz, marko berriak sortuz, militantzia ereduak birpentsatuz eta egokituz.

Negar anpuluak begietan eman diegu amaiera jardunaldiei. Hunkituta. Emoziñoz gainezka. Bihotza bor-bor. Ahizpatasun ariketa ederragorik!

Aizuek, eta etxera joan aurretik trasteak batu ditugu.

(Erraietatik idatziko lerroak)