Militantzia feministan beste hitz bat agertu da azkenaldian: gorpuztea. Alegia, politika gorputzetik pasatzea eta gorputzean bizitzea. Jokaera horrek soberania feministarekin du zerikusia eta eremu intimoari eta gorputz sentsazioei garrantzia ematen die. Baita barne intuizioari eta zainketa eta autozainketari ere. Gainera, prozesu dinamikoa da.
Bilgune Feminista dabil lan hori egiten eta Durangoko Jardunaldi Feministetan aurkeztu zuen gaia. Talde horretako kideek idazki batean azaldu dutenez, bide horretan Abya Yalako (Ameriketako) sanazio feministaren estrategia politiko kosmikoan topatu dute inspirazioa, bereziki “mundu ikuskera holistikoan, jakintzak elkar-trukatzean eta arbasoengandik datorrena berreskuratzeko nahian”.
“Eraldaketa sozialak egiteko, eraldaketa intimo eta pertsonalak ere beharrezkoak dira”
Sortu duten dinamika pertsonala eta politikoa da aldi berean. “Eraldaketa sozialak egiteko, eraldaketa intimo eta pertsonalak ere beharrezkoak” direla azaldu dute. Eraldaketa intimoa suspertzeko goxotasuna aukeratu dute, hau da, elkar zaintzea, emoziak -amorrua, beldurra, indarra, tristura, irribarrea- presente edukita, hortik “zapalkuntzez kontziente izateko baina aukerez, askatasunez, ekiteko gaitasunaz, eragiteko gogoaz ere bai”.
Ardatza feminismoa da,“eremu ideologiko, politiko eta ekonomikoan bizi ditugun zapalkuntza eta diskriminazioak (generoa eta intersekzionalak) agerian utzi, kokatu, topeak ipini, zalantzan jarri eta alternatiben lanketa integralerako beharrezkoak ditugun oinarriak eskeintzen dizkigulako” emakumeon iraultzak.
“Interdependiente eta ekodependienteak”
Eta politikoa denez, kolektiboa izan behar du: “Ez gara pertsona autonomo eta ahalguztidunak, ezta izan nahi ere. Zaurgarriak gara, interdependienteak eta ekodependienteak”.
Horregatik, denon askapena eta osatzea daukate helmuga Bilgunekoek: “Ni osatzean, zu osatzen zara, eta zu osatzean, ni osatzen naiz”. Hori bai, “horretarako ezinbestekoa da prozesuaren subjektu izatea, bidea egitea, ez digu inork egingo eta”, ohartarazi dute.
Bilakaera den heinean, “osatzea/osotzea bide bat da”, pertsona eta kolektibo bakoitzak, bere modu eta erritmoetan marraztu beharrekoa, “askotan kontraesan eta deserosotasunez betetakoa”.
Uniformizazioa alde batera utzita, “indibidualki zein kolektiboki erritmo eta egon daitezkeen askotariko bizipen eta bideak errespetatzea eta ahalbidetzea ezinbestekoa” dela diote, “epaiketarik gabe”.
“Ariketa intimoa da, ariketa kolektiboa eta ariketa politikoa”
Laburbilduz, osatze feminista “ariketa intimoa da, ariketa kolektiboa eta ariketa politikoa. Intimoa, neure gorputzarekin, bizi zikloekin edota etapa ezberdinekin harremantzeko moduei begiratzen dielako. Politikoa, intimo honetatik abiatuz, eraldaketak proposatzen dituelako, eta kolektiboa, elkarrekin garelako.
Emozio goxoak
Bilgunek hainbat ekintza antolatu ditu osatze feminista ahalbidetzeko, hala nola jardunaldiak, tailerrak eta abar. Espazio horietako filosofia bildu du zenbait puntutan:
- Emozio guztiek baimena izango duten espazioak. Goxoak, maitakorrak izango dira.
- Norberaren eta taldearen ahalduntzea landuko da. Arnas-guneak zein babeslekuak izateaz gain, beharrak adierazten ikasteko lekuak ere badira. Horretarako, helduleku garrantzitsu dira, besteak beste, erritualak. Horiek erabiltzea, sortzea eta berreskuratzea, hain zuzen ere.
- Espazio dibertigarriak. Barre egitea (norbere buruari ere bai). Plazera sentiarazteko baliabideak jorratzeko, baina baita deserosotasuna bizi eta minaren gestioari aurre egiteko espazioak ere. Gatazka eta krisiak ikasi eta hazteko baliatuz.
- Espazio kolektiboak. Emakume* eta feministen arteko erlazioak sendotzeko aukera emango dutenak. Harremanen dimentsioari arreta jarriz, diskurtsoetatik harago, bihotzen arteko loturak eginez. Horretarako, ezinbestekoa da elkar ikustea, sentitzea, ukitzea…
- Lanketa horrek ateak irekitzen dizkio zaintza kolektiboaren bideari.