Gipuzkoako erresidentzietako langileek 150 greba egun bete zituzten atzo euren lan baldintzak hobetzeko eta egoitzetan zerbitzua hobetzeko langile gehiago kontrata daitezen. Lurralde horretan 5.000 bat plaza daude erresidentzietan. Horietatik %80 itunpekoak dira (finantzaketa publikoa duten egoitza pribatuak).
Erresidentzietako langileen greba egiteko modua aldatuz joan da. Aldizkako egunekin hasi ziren, gero astebeteko grebak eta azkenean hilabetekoak egin dituzute. Gaur hilabete justu, hilabeteko lanuztea deitu zuten eta, ELA sindikatuak ohartarazi duenez, patronalak euren baldintzak bete ezean beste hilabete batez jarraituko dute.
Sindikatu horrek erresidentzietako langileen %60 ordezkatzen du. LAB eta CC OO-rekin batera langileen soldataren igoera eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko ratioen jaitsiera eskatzen du (nagusi bakoitzarentzat arreta denbora gehiago).
Nagusien “aparkalekua”
ELAk bideo bat atera du erresidentzietan bizi den egoera salatzeko. Langile bi, familiako bat eta nagusi bat dira protagonistak. Langile batek bertan azaldu duenez, gaur egun “gure nagusiak aparkatzeko lekua dira erresidentziak” ez zaizkielako ongizate gutxieneko baldintzak eskaintzen. “Negozio hutsa” ere badirela salatu du.
Esate baterako, langileek ez daukate denborarik eurei entzuteko, ezta ondo garbitzeko ere. Astean behin baino ez dituzte dutxatzen, gainontzeko egunetan ohial hezeak erabiltzen dituzte apainketarako. Elikagaiak izoztuta ekartzen dituzte (lehen freskoak ziren) eta araututa dagoena baino ez zaie ematen. Fruta gehiago jan nahi badute ezin dute.
Erresidentzia gehienetan 2 laguntzaile baino ez daude gauez 150 atso-agure zaintzeko eta ez da arraroa izaten horietako batek garbitzen, plantxatzen eta josten ematea denbora guztia. Komunera joateko ere ordu jakinak daude, horregatik nagusiek pixohialak janzten dituzte baina hori ere erregulatuta dago: hiru baino ez zaizkie janzten egunean. Medikurik ez dago asteburetan.
Soldata arrakala
Erresidenteak dena prisaz egiten dela salatzu du eta langileek 15 minutu baino ez dituztela pertsona bakoitzarekin egoteko diote. Denbora horretan gosaria eman, garbitu, bizarra kendu, apaindu eta pix-ohiala aldatu behar izaten dutela diote. Horren ondorioz, egoiliarrak bakarrik sentitzen dira. Langile batek denbora gehiago aldarrikatzen du haiei “irribarrea ateratzeko” eta “zaintza hobetzeko”.
Beste langile batek bere buruari galdetzen dio: “Senarrak kotxeentzako piezak egiten ditu. Zergatik irabazten du nik halako bi, nik pertsonak zaintzen ditudanean?”
Erresidentzietan dagoen panorama biolentzia instituzionala dela diote bideoan parte hartzen dutenek. Gainera, injustizia da, haren ustez.“60 urtetan gu hemen egoteko borrokatu dutenek bizi baldintza hauek jasan behar izatea” penagarria dela azpimarratu dute.