Urtetxuak nituen euskaraz idazten eta irakurtzen ikasten hasi nintzenean. Laster eman zigun irakasleak euskalkiei buruzko informazioa ere. Mapa handi bat ekarri zuen gelara eta Bonaparte printzeak egina zela azaldu zigun. Geroago, unibertsitatean izan nuen irakasleak ere garrantzitsutzat jotzen zuen Bonaparteren ekarpena: Zazpi Probintzietako Dialektoen Mapa.
Urteak joan eta urteak etorri printzeak zuberotar laguntzalea eta emaztea izan zuela jakin dut. Izena ere ez zuen nolanahikoa: Klementzia Richard, Larrainen jaioa 1830ean. Zuberotar euskalaria. Luis Luziano Bonaparteren laguntzailea eta emaztea. Euskalkien lehen mapa egiteko Bonaparteren ezinbesteko bidelaguna.
Aita, Nancykoa, Bankako burdinolan lan egitera joan eta bertan Lorrenako Joséphinerekin ezkondu zen. Gero Larrainen, Orotz-Betelun eta Lasarten lan egin zuen.
Klementzia familiarekin batera bizi izan zen Euskal Herriko hainbat tokitan. Gurasoak kanpokoak izanda ere, Klementziak txikitatik hitz egiten zuen euskaraz. Horri esker, senarra lagundu zezakeen euskalkiak eta Euskal Herria ezagutzen. Zubereraz gain, behe-nafarrera, goi-nafarrera eta gipuzkera menperatzen zituen.
Ez dakigu zehazki zein izan zen Klementziaren lana euskal dialektologiaren alorrean. Baina argi dago, antza, Jose Antonio Uriartek 1859an Klementzia eta Luis Luzianori bidaltzen zizkiela bere eskuizkribuak, Klementziak aldatu, zuzendu eta onar zitzan.
Luis Luziano bera euskalduna ez zenez, Klementziak gutunak euskaraz idazten laguntzen zion, eta Zazpi Probintzietako Dialektoen Maparen egiazko koordinatzailea izan zela uste da, nahiz eta bere izenik inon agertu ez. Diotenez, Luis Luzianok beste hizkuntzetako dialektoak ikertuta ere, halanola ingelesa, italiera, sardiniera edo albaniera, inoiz ez zen euskararen dialektoekin egindako lanaren parera heldu. Zergatik ote?
1891eko martxoaren 17an lehendabiziko emazte hil eta, hiru hilabetera ezkondu ziren Klementzia eta Bonaparte. Ezkontza honek ez zuen luzaro iraun, izan ere, Luis Luziano urte bereko azaroaren 3an hil zen Fanon, Italian.
Alargun bilakatuta, Klementzia Londresen bizi zen, printzesa tituluarekin. Luis Luziano eta biek bilduriko eskuizkribuak 1904ean saldu zizkien Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroako diputazioei. Azkue eta Fermín Lasala izan ziren bitartekari, nahiz eta Chicagoko Newberry Liburutegi ospetsuak lehenago eskatu. Klementzia Richard 1915eko azaroaren 14an hil zen Londresen 84 urte zituela.