Leyla, Sakine eta Fidan militante kurduen hilketak salatzeko elkarretaratzea Bilbon

Leyla, Sakine eta Fidan militante kurduak Parisen tiroz erahil zituztela 11 urte beteko dira bihar. Frantziak eta Europako erakundeek hilketa horiek argitzeko erakutsitako utzikeria salatzeko elkarretaratzea deitu dute Kurdistanekin elkartasun ekimenak, Women Defend Rojavak eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. Bilboko Arriaga plazan izango da 19:00etan.

Sakine Cansiz Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzaileetako bat izan zen, eta funtsezko zeregina izan zuen Kurdistango Emakumeen Mugimenduaren garapenean. Fidan Doganek, Kurdistango Kongresu Nazionaleko kidea izan zenak, modu aktiboan lan egin zuen Europako lurraldean herri kurduaren borroka ezagutarazteko. Leyla Saylemez Europako gazteen mugimendu kurduaren bultzatzaileetako bat izan zen.

Bakearen Aldeko Emakume Kurduen Bulegoak (Cenîk) estatuaren feminizidio hirukoiztzat jo ditu krimenak. Duela egun batzuk ohar bat kaleratu zuen eta honako hau adierazi zuen: “Ez dago emakumeen bizitzatik askatzerik, ezta emakumeen askapenik ere, indar eta estatu patriarkalek eta erreakzionarioek herri eta zibil zapalduen kontura gerratan jarraitzen duten bitartean eta gizartean sufrimendua, gosea, desplazamenduak eta traumak eragiten dituzten bitartean”.

Halaber, “Rojavako eraso-gerrak eta Turkiako Estatuaren operazio militarrak emakume kurduen mugimenduko figura nabarmenen aurka bideratzen direla” salatu dute. Aldi berean, gatazka guztietan eta gerra guztietan bezala, emakumeek sufrimenduaren zatirik txarrena jasaten dutela nabarmendu dute: “Estatu Islamikoa (ISIS) bezalako talde patriarkalen eta faxisten gorakadak, baina baita Estatuaren zapalkuntzak eta errepresioak ere, feminizidioak eta indarkeria patriarkala eta sexuala izateko arriskua areagotzen dute”.

Palestina

Palestinari ere erreferentzia egiten dio adierazpenak eta komunitate internazionalaren zabarkeria azpimarratu du: “Hilabeteak daramatzagu Israelgo armadak Gazan izandako gerra odoltsuaren lekuko izaten. Israelen estatu-indarkeria eta kolonoen okupazio koloniala hainbat hamarkadatan gertatu dira. Palestinako biztanleriaren sufrimenduak goia jo du azken hilabeteetan. Mundu osoaren aurrean gerra krimenak egiten ari dira”.

Cenîren ustez, Hamas bezalako talde erreakzionario islamistek ez “diote amaiera ematen sufrimendu horri, eta ezingo diote inoiz krisiari irtenbiderik aurkitu”. Kurdistanen edo Palestinan, krisialditik irteteak zapaldutako guztien askapenaren eta emakumeen askapenaren eskutik joan behar duela diote.

Horren alde borrokatu zuten, hain zuzen, erahildako hiru emakume kurduek: “Gure burkideek alternatiba iraultzailea erakutsi zuten. Askapenaren aldeko borrokara eta Ekialde Ertainerako alternatiba demokratikoa eraikitzera bideratu zituzten beren bizitzak, non emakumeak eta gutxiengoak aske izan, bakean bizi eta bizitza politikoan parte hartu ahal izango duten. ‘Jin, Jiyan, Azadî’ (‘Emakumea, Bizitza eta Askatasuna’) leloa eta, beraz, kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurkako borroka eta pertsonak azpiratzen dituzten sistema eta ideologia guztien aurkako borroka sinbolizatu zuten”.