Atahualparen gerizpeko larrosa

Maite Idirin ugaotar kantariari entzun nion lehenengoz Atahualpa Yupanqui izena. Izen berezia iruditu zitzaidan eta gero jakin nuen Hèctor Roberto Chaveroren izengoitia zela eta haren ama Higinia Carmen Aran edo Aranburu Gipuzkoako herri batean jaiotakoa omen zela.

Maitek haren hainbat abesti ekarri zituen euskarara eta diskoa ere grabatu zuen, eta ni Atahulpazaletu egin nintzen, ea konturatu barik.

Hainbat abestiren artean, baserritar jatorriko naizen aldetik, ‘El arriero va’ abestiak eragin izan dit beti zirrara berezia

Las penas y las vaquitas

se van por la misma senda

las penas son de nosotros/as

las vaquitas son ajenas

Atahualparen abestia zelakoan egon naiz, harik eta, abesti eder hori haren gerizpeko Nenette Pepin izeneko larrosak sortua dela jakin dudan arte.

Nenette Pepin 1908an Kanadako kostaldeko frantziar kolonian jaiotako konpositore, piano-jole eta kanta-idazlea izan zen. Lehen Mundu Gerra zela eta (1914-1918), Frantziara joan zen eta Caen de Normandia Kontserbatorioan musika ikasi zuen baita urrezko dominak jaso ere.

1926an, Buenos Airesera abiatu zen dantza konpainia batekin eta han geratu zen. Nenettek, Musika Kontserbatorio Nazionalean jarraitu zituen piano ikasketa aurreratuak. Maiz, bidaiatzen zen Argentinako hiri nagusietara musika klasikoko piano bakarlari. 1942an, Tucumanen, kontzertu baten ondoren antolatzaileek Argentina iparraldeko folk musika entzutera eraman zuten. Bertan, Atahualpa Yupanqui kantautore argentinarra ezagutu zuen. Gutun bidezko lagun arteko lotura mantendu zuten, eta lau urte geroago (1946) elkarrekin bizitzen hasi ziren.

Urte hartan, semea izan zuten, Roberto Koya Chavero. Yupanquik jazarpena pairatu zuen garaian, Nenette semea zaintzeaz eta Yupanquirekin abestiak konposatzeaz arduratu zen.

Yupanquiren abesti ezagunen egilea izan zen, ‘Luna tucumana’, ‘El arriero va’, ‘El sorrel’, ‘Indiecito dormido’, ‘Chacarera de las Piedras’, ‘Vidalita Tucumana’, ‘Fall of Zamba’ eta gaur munduan ospetsuak diren beste askorenak.

Baina garaiko matxismoaren testuinguruan, Pablo del Cerro ezizenarekin argitaratu behar izan zituen. Ezizenak, bere izena (Paule) eta gogoko zuen Argentiako Cerro Colorado (Kordobako probintzian) barnebiltzen ditu. Bihotzeko baten ondoriz hil zen Buenos Airesen, 1990ean. Errautsak itsasora bota zituzten bere eskariz, jaioterrian, Saint-Pierre eta Mikeleunen.

Nenette Pepin askorentzat ezezaguna izan den arren, zorionez, haren omenez idatzitako zenbait lan geratu zaizkigu, lekuko gisa:

  • ‘Vidala para una sombra’, Maria Palacios antzerki zuzendariaren obra.
  • ‘Una mujer llamada Pablo’, Isabel Lagger-en biografian oinarritutako antzezlana.

Agur eta ohore gerizpeko Nenette larrosa musikagileari.