Donostiako Udalak Emakumeen Etxearentzat beste kokapen bat planteatu du aurrekontuen eztabaidaren esparruan. Hain zuzen, “martxoko osoko bilkuran udal aurrekontuak onartu zirenetik, eta datozen udal hauteskundeen esparruan, egoitza berria Amara kaleko etxabe batean kokatzeko aukera sortu da, etxebizitzak eraikiko diren udal jabetzako orube batean” dio Emakumeen Etxea kudeatzen duen elkarteak.
Elkarteko asanbladak aho batez onartu ditu honako alderdi hauek:
1) Bat datorrela egoitza berriak Amara kaleko espazio horretan izango duen kokapenarekin.
2) Egoitza berriak gutxienez 1.000 metro karratu izatea
3) Udal-hauteskundeak baino lehen, udal-gobernuak erabaki hori egingarria eta publikoa egitea.
4) Elkarte honen parte-hartze aktiboa bermatzea proiektu berriaren sorrera prozesuan, Emakumeen Etxean azken hamahiru urteetan Emakumeen Etxean indarrean egon den kudeaketa bateratuaren arabera.
Lekualdatzeko eskaera
Donostiako Emakumeen Etxeak gogoratu du 13 urte daramatzala Okendo kalean, udal jabetasuna udalarena den lokal batean. “Lokal honen esleipena behin-behinekoa izan da hasieratik, eta berehala ikusi genuen oso txikia eta arkitektura aldetik bideraezina zela bertan garatzen diren hainbat jarduera egin ahal izateko” azaldu du.
Baldintza egokiak dituen eta ondo kokatuta dagoen espazio batera lekualdatzeko eskaera ez da eten, “egunean, batez beste, ehun emakume jasotzen dituen instalazioa” txiki geratu delako, beraien ustez.
Pertsona, erakunde, elkarte eta alderdi politiko guztiei atera duten manifestura atxikitu daitezela eskatu diete.