Feministek, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatu eta eragileek eta beste hainbat kolektibo eta sindikatuk bihar Bilbo (17:30, Jesusen Bihotza), Donostia (17:30, Boulevard), Gasteiz (12:00, Artium) eta Iruñean (17:30, Baluarte) egingo diren soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinen aldeko manifestazioetan parte hartuko dute. Herritar guztiei luzatu diete deia.
Antolatzaileek gaitzetsi dute “egungo krisi sistemikoaren aurrean, botere publikoek duten alternatiba langile klasea pobretzean sakonduz pertsona gutxi batzuek gero eta aberastasun handiagoa metatzea, zerbitzu publikoak murriztea, emakumeak zaintza lan ikusezin aitortu gabekoetara kondenatzea eta planetako ekosistemak eta biodibertsitatea suntsitzea izatea” dela.
Emakumeentzako kalteak
Modu berezian emakumeoi eragiten digun soldaten eta pentsioen erosteko ahalmenaren galeraz gain, egoerak eskubideen aurkako aurrez aurreko erasoa suposatzen duela, eta horrek, besteak beste, honako hauek dakartzala salatu dute:
- Etxebizitza eta alokairuaren prezio neurrigabea: Pertsona askok ezin dituzte prezio horiek ordaindu, ezin izango dira emantzipatu, eta kalean bizitzera behartuta izango dira. Etxegabetzeek ez dute etenik, eta Euskal Herrian ia ez dago etxebizitza parke publikorik.
- Zerbitzu publikoak okertzea: Prekarizatzen eta murrizketak eragiten dituen eredu baten aurrean, premiazkoa da inbertsioak sakonki hobetzea bai hezkuntzan, bai osasungintzan, baita zaintza sistemaren garapenean ere.
- Ekosistemak eta bizitza defendatzeko erabaki ausartak galdegiten dituen krisi klimatikoa: Zoritxarrez, oligopolio energetikoen etekinak lehenesten dira, eta hori langile klasea ordaintzen ari da oinarrizko produktu, energia eta elikagaien prezioen gorakadaren bitartez. Onartezina da langileoi, pentsiodunoi edota gizarte-prestazioak jasotzen ditugunoi eskubideak murrizten zaizkigun bitartean eta soldatak, pentsioak eta zerbitzuak erasotzen dizkiguten bitartean, Ibex 35eko enpresek mozkin-errekorrak lortzea.
- 2021ean, irabaziak % 83 igo dituzte 2019aren aldean, enpresen zerga-iruzurra handitu da, eta bankuek 2008ko erreskatearen 100.000 m/e kontu publikoetara transferitu dituzte, baina ez dituzte itzuliko.
- 2022an, krisi energeTIkoaren erdian, enpresa horiek mozkinen errekorrak dituzte.
Bizitza bermatzea
Konponbidea posible bezain beharrezkoa dela diote. “Gure artean apurren arteko lehian murgiltzea nahi dute, baina hori ez da gertatuko. Elkarrekin borrokatuko dugu guztioi dagokiguna. Aberastasunaren banaketa justua, soldata eta pentsioen erosahalmena berreskuratzea eta hauek KPIaren arabera igotzea aldarrikatzen dugu; baita, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala amaitzea ere. Zerbitzu publiko unibertsalen bermea, pertsona guztientzat bizi-baldintza materialak, etxebizitza, energia, elikadura eta eskubide sozialak, besteak beste, ziurtatzeko eskaria da gurea. Bakearen aldeko agertzen gara ondorio lazgarriak dituen eta areagotzen ari den agertoki beliko honen aurrean eta baliabide naturalak eta bizitza bermatzea” exijitzen dute.
“Hau ez da manifestazio deialdi soil bat, gure aldarrikapen urgenteenak lortzeko aukera historikoa baizik”
Aldarrikatzen dutena zera da:
- Gutxienez, 1400 €-ko soldata Euskal Herriarentzat.
- Gutxieneko 1080€-ko pentsio duinak orain, soldata minimoaren %90era heltzea izanik.
- Soldatetan %24koa eta eta pentsioetan %37koa den genero arrakala desagertzea.
- Arreta- eta zaintza zerbitzu soziosanitarioen sare publiko unibertsala.
- EAEn Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Nafarroan Bermatutako Errentan dauden murrizketak berehala geldiaraztea. EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatzen diegu haien ardurari muzin egiteari utzi diezaiotela eta egin beharrekoa egin dezatela zerbitzu publikoak, pentsioak eta soldata duinak bermatzeko, pertsona guztiek, gizon eta emakumeek, pertsona migratu edota arrazializatuek, gazteek edo adinekoek bizitzeko moduko bizi-baldintzak izan ditzaten. Sistemaren eta, beraz, une honetan aplikatzen diren politika publikoen norabidea errotik aldatzeko unea da.
Hau ez da manifestazio deialdi soil bat, “gure aldarrikapen urgenteenak lortzeko aukera historikoa baizik”, adierazi dute.