Durangoko kartzelan gerraostean preso egon ziren emakumeak omenduko dituzte datorren larunbatean. Ekitaldia Durango 1936 eta Andereak elkarteek antolatu dute. Elkarte feministak proposatu zuen errekonozimendua.
Andereak elkarteko kideak aspalditik ari dira Durangoko andreen kartzelari buruzko gaiari bueltaka. Gai honek sortzen zien interesak eta jakinminak Maria Gorosarri ikertzailearen hitzaldia antolatzera eraman zituen. Hainbat entzule hurbildu ziren eta hedabideetan ere oihartzuna izan zuen, beraz jakingura bazegoela ondorioztatu zuten.
Nevers ikastetxea dagoen lekuan egon zen emakumeen kartzela, 1939ko azarotik 1940ko abendura arte. Karidadeko mojek kudeatzen zuten espetxea. Presoek bertan bizi izandakoa isilarazia eta ahaztua izan da urteetan zehar.
Maria Gorosarriren testua
Ekitaldia, 12:30ean hasiko da, Bruno Mauricio de Zabala kalean, Nevers ikastetxe ondoan. Lore eskaintza egingo dute. Maria Gorosarriren testu bat irakurriko da eta soka-dantza dantzatuko da. 30 emakumetik gora bilduko dira dantzara. Gainera, ‘Agurrik gabeak’ kantua abestuko da eta Erika Lagomak Joseba Sarrionandiak sortutako koplak kantatuko ditu, Onintza Azkarate bibolinjolearen laguntzaz.
Maria Gorosarriren birramama kartzelan egon zen eta bertan zeudenak faxismoak errepresaliaturikoak edo gerran parte hartu zuten emakumeak ziren. Gainera, faxismoak delitu berri bi sartu zituen andreentzat: abortua eta proxenetarik gabeko prostituzio autonomoa.