Zenbait herritan aztertze-prozesuak izan dira jaietako ereduak parte-hartzaileago eta berdinzaleagoak egiteko. Ikerlari talde batek bederatzi euskal kasu aztertu ditu eta egin diren aldaketek ekarriko dituzten estrategiak, gomendioak eta erronkak identifikatu ditu.
Ikerketa ‘Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak’ liburuan batu da. Emakundek argitaratu du eta finantziatu du, eta Margaret Bullenek, Lidia Montesinosek eta Begoña Pecharromanek sinatu dute.
Egileek dokumentazio-lan sakona egin dute beren lanerako, eta jaien antolaketan eta berdintasunaren sustapenean parte hartzen duten pertsona askoren laguntza izan dute.
Gasteiz, Amurrio, Laudio, Bilbo, Berriz, Gernika, Donostia, Tolosa eta Antzuolako jaietan berdintasuna bermatzeko egin diren egokitzapenak aztertu ditu azterlanak, eta erakusten du jaietako balio, tradizio eta ohituren transmisioak ez duela aitzakia izan behar praktika diskriminatzaileei eusteko.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak aurkezpenean gogorarazi zuenez “berdintasuna bermatzeko jaiak eguneratzea ezinbestekoa da justizia sozialari dagokionez eta horrela eskatzen dute emakumeek, mugimendu feministak eta gizarte osoak”.
Berrizko Dantzari Dantza
Araban, Gasteizko Blusen eta Nesken Batzordeak berdintasun-taldea sortzeko egindako lana nabarmendu zuen. Horrez gain, Amurrioko San Joan jaien aldaketari aurre egiteko sortutako erakunde arteko mahaia ere baloratu da. Eta sorginaren figura tradizionalari eusteko, baina sinbolo positibo bihurtuz, Laudioko inauterien alternatiba.
Bizkaiko Emakumeen Asanbladak Bilboko Aste Nagusian duen konpartsa erreferente bat da aldarrikapen feministak jai herrikoi pluralen ardatz izan daitezkeela erakusteko. Bizkaian ere, Berrizko Dantzari Dantzan emakumeen partaidetzan adostasuna lortzeko egindako prozesu parte-hartzailea nabarmendu da. Gernikako Marijesien antzeko kasua, non herritarrek koru misto baten osaera beren gain hartu duten.
Donostiako Udalaren jarrera erabakigarria izan zen San Sebastian eguneko ekitaldietan emakumeak festan sartzeko izan ziren aldaketei pixkanaka heltzeko, Kresala elkartearen bultzadarekin batera. Gipuzkoan, Antzuolako Mairuaren Alardea berritzeari ere ekin zaio, parte-hartze prozesu baten ondoren. Tolosa ere aitzindaria izan da Inauteri eta San Joan jaietako jarduerak berdintasunean aurrera egiteko lan-eremutzat hartzen.