‘Indarkeria matxistaren aurrean, zerbitzu publikoak defendatu!’ lelopean, ongizate estatua guztion bizitza duin eta askea bermatzeko giltza dela aldarrikatu nahi du A25ean Bilboko Mugimendu feministak.
Osasun neurriek zailtasunak eragin dituzte manifestazioak antolatzeko. Mugimendu feministak, “norbere burua zaindu behar dugula” kontziente izanda, “gure ahotsak eta aldarrikapenak entzunarazteko beharra” ere ikusten du. Horregatik, 25eko mobilizazioa birplanteatu du “kaleak hartzeko bai, baina aldi berean, elkar zaintzeko”, adierazi du Telegramen.
Itsasadarraren bi aldeak hartuko dituzte manifestariek, udaletxetik Arrupeko zubiraino. Antolatzaileek arratsaldeko 19:30etik aurrera itsasadarrera gerturatzeko deia egin dute. Manifestua 20:00etan irakurriko da Udaletxe, Zubizuri eta Arrupeko zubietatik. Lehenago bat egin nahi dutenentzat zutabeak antolatzen ari dira eta 19:00etan abiatuko dira hainbat auzotatik.
Beste euskal hiriguneetan hitzorduak hauek izango dira:
- Iruñea: 20:00etan, auzo eta herrietan, ‘Pendiendo de un hilo. (Gure eskubideak) elkarrekin lotu’ lelopean.
- Gazteiz: 19:00etan, Iparralde Gizarte etxetik, ‘Indarkeria sistemaren ispilu (Vamos a defendernos)’
- Donostia: 18:30ean, Alderdi Eder, ‘Normaltasunak hiltzen gaitu. Indarkeriaren matxistaren aurrean antolatu eta borrokatu’
- Baiona, 18:30ean, Errepublikaren plaza, ‘Indarkeri matxistak baditu mila aurpegi. Non aux violences sexistes’