Zumaiako Emakumeon* Etxeak hilabete honetan zabalduko ditu ateak eta haren inguruan sortu den elkarteak kudeatuko ditu ekintzak. Egoitza Martxoaren 8a plazan (Ardantzabiden) dago. Laster programazio zabala aurkeztuko da eta inaugurazio ekitaldi bat ere egingo da.
Emakumeen Etxea urrats garrantzitsua dela uste du Vanessa Arbelaitz elkarteko lehendakariak: “Harremantzeko, ahalduntzeko ekintzak bilduko dituen espazioa izango da”. Gainera, Zumaiari ekarpen handia egingo diola uste du: “Emakumeon* Etxea fisikoki Martxoaren 8a plazan baldin badago ere, herriko txoko guztiak bustiko ditu hemen sortzen dugunak”.
Maider Alberdi Berdintasun zinegotziaren arabera, Emakumeen Etxea “proiektu estrategikoa” da eta “erreferentzia gunea” izango da Zumaiako emakumeentzat. Zumaiako Emakumeon* Etxearen helburu nagusiak gizarte parekidea lortzea eta emakumeon ahalduntzea bultzatzea dira. Helburu horiek lortzeko espazio dinamikoa eta irekia izango da, eta bertan Zumaiako elkarte feministak zein norbanakoak elkartuko dira.
Goitu Eraikuntzak SL enpresak egin ditu lokala egokitzeko obrak, eta Udalak 290.000 euro erabili ditu etxea prestatzeko. Zinegotziak nabarmendu du eraikinaren egokitzapena egiteko prozesuan emakumeek protagonismo handia izan dutela: “Emakumeon* Etxea elkarteko kide diren arkitektoek eman zizkiguten lokalaren ezaugarrien inguruko irizpide nagusiak, eta obraren prozesuan parte hartu duten teknikari gehienak emakumeak izan dira”.
Elkarlana oinarri
Zumaiako Emakumeon* Etxeak eta Udalak kogestio sistema izango dute elkarlanerako oinarri. Udalak Emakumeon* Etxeko Elkartearekin hitzarmena sinatuko du urtero, eta bertan Udalak etxearen kudeaketa elkartearen esku utziko du. Bi erakundeen arteko harremana koordinazio mahaiaren bidez egingo da, kudeaketaren eraginkortasuna eta jarraipena errazteko helburuarekin.
Alberdiren arabera, eredu honek “zerbitzu publikoa Zumaiako emakumeengandik oso gertu” jartzea ahalbidetu dezake. Eredu publiko-komunitarioa izango da Zumaiako Emakumeon* Etxearena: “Komunitatearen indar eta babesa, eta herritarren lan boluntarioa izango ditu oinarri Etxeak, Udalaren baliabide ekonomiko eta teknikoen babesarekin”. Gainera, Karmele Gomez teknikariak azaldu duenez, “Berdintasun Foroarekin lehenengo, eta gero, Emakumeon* Etxea elkartearekin izandako esperientziak, lan egiteko modu desberdin bat probatzeko aukera eman digu azken urteotan”.
Vanessa Arbelaitz elkartekideak nabarmendu du etxeak “Zumaiako emakume guztion ekarpena” beharko duela, eta horretarako bideak eskainiko dituztela.
Urteetako lanaren emaitza
II. Berdintasun Planean eta Plan Estrategikoan aurreikusita zegoen proiektua da Emakumeon* Etxea eta 2017. urterako zegoen aurreikusita egitea. Berdintasun Foroak Emakumeon* Etxea ezaugarritzeari ekin zion, eta 2018ko abenduan Emakumeon* Etxea Elkartea sortu zen. Proiektu kogestionatua izango zela adostu zen, eta 2018ko abenduan osoko bilkuran onartu zen.
Elkartearen dinamika martxan dago ordutik, eta leku fisikoa egokitzea zen falta zen pausua. Horrenbestez, Emakumeon* Etxearekin adostutakoa oinarri duen egokitzapena egin da Ardantzabiden.