Zer gertatzen da idazlea emakumea denean?

Ahotsak.eus Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzen duen proiektuak hainbat elkarrizketa egin ditu berdintasuna eta aniztasuna lantzeko. Helburu horrekin, zenbait idazleren eta literatur kritikari baten iritziak batzen dituen ‘Idazlea emakumea denean’ bideoa egin du. 

Asmoa tituluak berak adierazten du: “Zer gertatzen da idazlea emakumea denean? Gizonezkoen eta emakumeen literatura-lanak berdin irakurtzen eta baloratzen dira?”, galdetu dute ahotsak.eus webgunean.

Elkarrizketatuak Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Kattalin Miner eta Danele Sarriugarte eta Mari Jose Olaziregi literatura-aditua dira. Emakume izateak idazleak nola baldintzatu izan dituen kontatzen dute bideoan.

Helburu pedagogikoa

Helburu pedagogikoa du ekimenak. Hezkuntzan genero-ikuspegia txertatzeko eta berdintasun balioa sustatzeko fitxa sortu dute Ikasgelan webgunean. Ikasleengan bultzatu nahi dituzten jarrerak hurrengoak dira: emakume idazleen bizipenak eta esperientziak ezagutzeko interesa; literatura genero-ikuspegitik lantzeko irrika; gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa; denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea; sexu-diskriminazioarekin kritiko agertzea eta genero-indarkeriaren eta zapalkuntzaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea.

Bideoko gaiarekin lotuta, Eider Rodriguez idazleak idatzitako ‘Idazleen gorputzak’ saiakera ere irakurtzea gomendatzen dute. Liburuak bost emakumeri egindako elkarrizketak batzen ditu. Emakumeak bertsoen plazan bideoa ikustea ere aholkatzen dute.

Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da ‘Ahotsak’ proiektuaren helburua. Bereziki adinekoak elkarrizketatzen dituzte baina gazteen testigantzak ere jasotzen dituzte Gazte Gara Gazte proiekturako.

Ikasgelan webgunea ahozko ondarea zabaltzeko sortu zuten, teknologia berriak erabilita, lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko. Gaikako ehun bideo baino gehiago jarri dituzte irakasle eta ikasleen eskura, hainbat gairekin lotutakoak, LHrako, DBHrako eta Batxilergorako.