Zea mays taldeak jasoko du Donostiako 10. Adarra Saria

Zea Mays talde bizkaitarrak jasoko du 2023ko Adarra Saria, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten hamargarrena, hain zuzen ere. Halaxe erabaki dute Juan Gonzalez Andres kazetariak, Sara Zozaya musikariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika teknikariak osatutako Aholku Batzordeak.

Taldea aukeratzerako orduan kontuan hartu da Zea Maysek oso maila altuari eutsi diola kalitateari eta arrakastari dagokienez, 26 urteko musika-ibilbidean. “Ikus-entzuleek eta musika munduko kideek aitortu egin diote eman duten guztia eta jarri duten bihotza. Nabarmentzekoa da, hain zuzen ere, hainbeste lankide izatea, diskoetan zein zuzenekoetan, bai Euskal Herriko artistekin eta bai nazioartekoekin. Euskal rockean eragin handienetakoa izan duen  taldea da eta Euskal Herritik kanpo gehien estimatutako euskal banden artean kokatzen da; eurek plazaratutako hamaika diskoak dira horren erakusgarri”.

Laukote bilbotarrak adierazi duenez, “sariak beti irribarre handi batekin hartzen ditugu, oraingoan baita malkoekin ere, gure izena Euskal Herriko artista hain handien ondoan ikustearen emozioaz. Guretzako musika beti izan da beharrizan bat eta gure ibilbidean zehar barrutik eta bihotzez sortzen saiatu gara. Maite duguna egiteagatik sarituak izateak oso harro sentiarazten gaitu. Harro gaude baita bidean izan ditugun lagunez, ereindakoaz eta bildutakoaz ere. Sari hau gu guztiona da. Ematen diguzuen maitasunarekin baietz beste 26! Eskerrik asko”.

Kontzertua

Zea Maysek ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, arratsaldeko 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra eta segidan kontzertua eskainiko du kolaboratzaile talde zabalaz lagunduta.

Kontzerturako sarrerak jarri dira salgai, 25 euroren truke, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak eta Joseba Tapiak jaso dute Adarra Saria.

(Berri hau Kultur Sharea-n argitaratu da)