«Kobanen egin den emakumeen iraultza Turkiak deuseztatu nahi du»

Kurdistaneko egoera gero eta larriagoa da Turkiaren eraso militarraren ondorioz. Durangoko Suargi elkarteak Siriako iparraldean dagoen Kobane hiri kurduarekin harreman estua du. Kobane ikur bihurtu da hango biztanleek Estatu Islamikoa suntsitu ondoren. Guda horretan emakume askok parte hartu zuten. Ordutik, Kobanen egiten ari den iraultzaren protagonistak emakumeak dira. Pasa den astean,Turkiak Kobane hiriari eta inguruari eraso zion eta ISISen kontra aliatu zuten Estatu Batuak bakarrik utzi zituen bertako hiritarrak.

Suargikoek egoera salatzeko hainbat pankarta jarri dituzte Durangon. Horretaz gain, San Fausto Jaietako Ibaiaren Jaitsieran beste pankarta bat erakutsi zen ‘Turkia genozida’ leloarekin. Elkartearen kidea Alaitz Berriozabalgoitiak ANDRAren galderei erantzu die.

-Zer berri daukazue Kobaneren egoeraz?

-Euren bizitzekin jarraitzen dute. Dakigunez, inguruak erasotzen ari dira, Kobaneko kantoia; baina Kobane hiria ere bai. Eraso eta disuasio-bonbardaketak izan dira. Puntu kritikoenak leku sinbolikoak izango direla uste dugu, Emakumeen Akademia eta Emakumeen Etxea. Iraultzaren ikurrak dira. Amerikarrak oraindik Kobanetik dabiltza. Kobane hiri sinbolikoa da, Estatu Islamikoa menperatu zuen herria delako. Kobane hiria oso gertu dagoTurkiako mugatik. Erdoganek 30 kilometroko babes gunea egin nahi du eta horrek Kobane hiria hartuko luke. Nahiko arduratuta gaude.

-Emakumeen lorpenekin amaitu nahi dute?

-Pentsatzen dugu baietz, emakumeen iraultza deuseztatu nahi dutela, horrek autonomia eta indarra ematen dizkielako kurduei.

“Egoerak Estatu Islamikoa indartu dezake”

-Zer iruditzen zaizue Europatik arazoari ematen ari zaion erantzuna?

-Ez dago apenas erantzunik. Itxaroten gaude. Lotsagarria  da, arduratuta gaude. Gainera, egoera honek Estatu Islamikoa indartu dezake. ISISen azkenengo bastioia suntsitu zenean Al Holko kanpamentuan geratu ziren euren emakumeak eta umeak. Bertan 100.000 pertsona bizi dira eta egoera oso larria da. Kurdoek ezin dute hango beharrizanak kudeatu eta batzuek ihes egin dute. Ume asko hiltzen ari dira.

-Zein jarrera hartu du Suargik Turkiaren erasoaren aurrean?

-Komunikatu bat prestatzen ari gara hedabideetara bidaltzeko. Bestalde, barikuaren goizean batzar bat eduki genuen Udaletxean. Berdintasun teknikaria eta Andraguneko dinamizatzailea egon ziren, garrantzitsua da eta eurek parte hartzea. Jardunaldi Feministetara ordezkaritza bat ekarri nahi genuen baina ezinezkoa izan da. Gainera, momentu honetan Kobanen bizi duten egoera gestionatzea ez da erreza. Kobanen errefuxiatu asko daude eta euren lehentasuna ez da Euskal Herrira etortzea jardunaldi batzuetara.

-Lehen ere arazoak eduki zenituzten Kobaneko emakumeak ekartzeko.

-Aste Santuan ekarri nahi izan genituen baina Estatu Espiniarrak ez zien baimenik emon. Erreklamazioa jarri genuen baina denbora faltagatik ezerezean geratu zen.

-Zer egin dezakegu Durangotik laguntza emateko?

-Oso galdera ona! Elkartasuna erakustsi eta gobernua presionatu arazoaren aurrean jarrera erakuts dezan. Baina ez gara batere baikorrak, egia esan.