Transexualitatea, ezezaguna izateaz gain, estigmatizatuta dago oraindik ere gizarteko sektore batzuetan. Beraz, gaiaren inguruan pedagogia asko egin beharra dago. Baina, aldi berean, legegintzaren alorrean, identitateen aniztasuna bermatzeko lan serioa egiten ari da denbora gutxian eta horrek asko lagunduko du errealitate hori ezagutzen eta errespetatzen.
Eusko Legebiltzarrak 2012ko ekainaren 28an, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko legea onartu zuen. Laster beste aurreapauso bat emango du: lege proposamena onetsiko du 2012ko araua aldatzeko, transexualitatea erabat despatologizatzeko bidean. Izan ere, orain arte ez bezala, izaera mota hori giza aniztasunaren parte izango da eta ez gaixotasun, nahasmendu edo anomalia. Beraz, transexualak transexual gisa onartuko dituzte, orain ez bezala, diagnosirik edo tratamendurik jaso gabe. Lege aldaketari baiezkoa eman diote EAJk, EHBilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk.
Izenaren aldaketa legala
Nazioarteko eremuan, Osasunaren Mundu Erakundeak, 2018ko ekainean Nazioarteko Gaixotasunen Sailkapena eguneratu zuen ‘ICD-11’ argitaratuz. Zerrenda berritu horretan transexualitatea buruko gaixotasunen ataletik kendu zuen baina sexu-disfuntzioen barruan utzi zuen. Hau da, gaitz psikologikoa izatetik gai fisikoa izatera pasatu zen transexualitatea: gorputza generoarekin bat ez etortzea, hain zuzen. 1990ean homosexualitatea ere gaitz mentalen zerrendatik atera zen. Eta gai horrekin gertatu zen moduan, transexualak biltzen dituzten elkarteek transexulitatea gaixotasun bezala aurreantzean ez ikustea eta sendatzen ez saiatzea espero dute.
Transexualitatearen normalizazioaren prozesuan, Andaluzian, Madrilgo Erkidegoan, Kanarietan eta Valentzian ere legeak onartu dituzte kolektiboaren eskubideak bermatzeko. Estatu mailan legedia zaharkituta dago. Adibidez, Erregistro Zibileko legea 1957koa da eta bertan debekatuta dago sexuari ez dagozkion izenak ipintzea. Hori konpontzeko 2018ko urrian, Justizia Ministerioak instrukzio bat onetsi zuen adin txikiko transexualen izenak aldatu ahal izateko. Orain arte, adin nagusikoak izan arte itxaron behar zuten, baina gaur egun 18 urtetik aurrera dutenek oraindik diagnostiko medikoa edo psikologikoa behar dute, legeak horrela agintzen du eta.
Diputatuen Kongresuan orain tramitatzen ari den transexualitateari buruzko legean, adin txikikoei dagokien egin berri den lege aldaketa aurreikusita dago eta adin nagusiei ere ez zaie inongo agiririk eskatuko izena aldatzeko. Autodeterminazio pertsonala izango da baldintza bakarra.
Zer da transexualitatea?
Baina zer da transexualitatea? Naizen adingabe transexualen familien elkartearen arabera, “sexu aniztasunaren adierazpenetako bat da. Ez da gaixotasuna, ez desoreka ezta anomalia ere”. Hau ulertzeko, “ezinbestekoa da bi nozio nahasteari uztea: gauza bat dira genitalak eta beste bat sexua. Bat daukaguna da, eta bestea, garena da”. Horregatik “hainbat kasutan mutila zela pentsatzen genuena (zakila duelako) neska da (berak hala adierazten duelako). Eta alderantziz”.
Umeek oso txikitatik argi izaten dute zer diren. “Neska edo mutila izateak, norberak bere buruarengan duen pertzepzioarekin dauka zerikusia. Ez da sentitze hutsa (“neska sentitzen naiz”, “mutila sentitzen naiz”), baizik eta jakitea da (“Badakit neska naizela” “Badakit mutila naizela”).
Guztiz desberdina da mutil ‘femeninoen’ eta neska ‘maskulinoen’ kasua. Genero aginduen kontrako joera horiek ez dute transexualitatea adierazten. “Bakarra da zalantzarik gabeko eta behin-betiko transexualitate adierazlea: neskak edo mutilak hala adieraztea”, diote Naizekoek.
Bi genero baino ez?
Beste hurbileko errealitatea intersexualitatea da. Haur hauen genitalek ez dute zakilaren eta bulbaren antzekotasunik. Sexua esleitzeko kromosomen froga erabiltzen dute medikuek. Adingabe transexual familien elkartekoen iritzian, praktika hori “oso eztabaidagarria da, sexu-identitatea suposizioaren arabera” ezartzen da eta.
Azkenik, badago ez neska eta ez mutil sentitzen denik ere. “Beraz, batarekin edo bestearekin identifikatzen ez badira, ez dira ez bata eta ez bestea”.
Pertsona guztiok bi sexuen ezaugarriak ditugu. Beraz, ez gara erabat emakume edo gizon. Hori dela eta pentsaera-korronte batzuek bi genero baino ez daudela —baikoitzak ezaugarri jakin batzuekin eta identitate bakarrarekin— zalantzan jartzen dute.