Gobernu berriak Emakunderen statusa aldatu egin du. Lehendakaritzan egotetik Gizarte Politiketako sailera igaro da. Horrek aldaketa kualitatiboa suposatu du. Izan ere, politika osoan eragiteko gaitasuna izatetik, hau da, berdintasuna zeharka aplikatu beharrean, “emakumeen arazoak” konpontzeko baino ez du balio izango hemendik aurrera.
Hori da autonomia-erkidegoko talde feministek salatu dutena, Emakunde Lehendakaritzara bueltatzea exigitu duten bitartean. Horretarako bi kanpaina jarri dute martxan. Bata manifestu baten bidez Emakunde-salaketa-publikoa_eu-es (2), zeinetara talde feminista asko atxikitu diren. Bigarrena, change.org plataformaren bidez, banakako sinadurak jasotzeko, Forum Feminista María de Maeztuk bultzatuta.
Konpromiso hautsita
Lehenengo manifestuaren sustatzaileek gogoraten dutenez, “1995ean Beijingen egin zen Emakumeen Munduko IV. Konferentzian parte hartu zuten estatuek berdintasunerako unitateak Gobernuetako presidentzietan kokatu behar zirela erabaki zuten, politika publikoaren zentralitatea hartu ahal izateko eta mainstreaming estrategia edo genero-zeharkakotasuna deitu izan dena garatzeko”.
Irizpide horrekin bat, eta Beijingeko akordioei aurrea hartuta, 1988an, Emakunde sortzeko Legean, erakundea Lehendakaritzara inskribatu zen, eta hor jarraitu du orain arte.
Idazkian diotenez, “gure harridurarako, Iñigo Urkullu jaunak Emakunde, gainerako sailetan eragiteko gaitasunik ez duen sail batean birkokatu du. Hala, Emakunde ikuspegi honetatik lan egitera bultzatu du: emakumeak kolektibo bat gara (eta ez biztanleriaren erdia baino gehiago) eta, gainera, kolektibo zaurgarria”.
Gainera, aurreko legealdian, Berdintasunerako Legea (2015etik dago indarrean) aldatzeko eta zabaltzeko, lege-proiektu bati ekin zitzaion. Talde feministek parte hartu zuten prozesu horretan. Proiektu berrian jaso zen, “Urkullu lehendakariaren gobernuak proposatuta, euskal administrazio publiko guztietako berdintasun-unitateek posizio organikoa eta harreman funtzional egokia izan behar dutela, erabaki politikoak hartzeko orduan modu eraginkorrean eragin ahal izateko, bai eta beren helburuak betetzeko behar besteko aurrekontu-zuzkidura ere”.
Talde feministen ustez, Iñigo Urkullu lehendakariaren erabakiak erakusten du “krisi-garaian emakumeek (eta badirudi berdintasun-politikek ere) ‘beren lekura’ itzuli behar dutela. Hain zuzen ere, sukaldera, etxera, zaintza lanetara, kontratu partzialetara, edota prekarietate gorenean dauden etxeko langile egoiliarren egoeretara (azken horiek kontraturik gabe daude kasurik gehienetan eta Atzerritartasun legeak sustatu egiten du emakume horien eskubideen urraketa)”.
Politika “erangikorrak”
Lehendakariaren erabakiak “agerian utzi du ez dagoela konpromisorik berdintasun-politika eraldatzaileak martxan jartzeko, emakumeen egoera hobetzeko, eta gizarte berdinzaleago zein bidezkoago baterantz urratsak emateko”, talde feministen ustez.
Kolektibo feministek aldaketa hauek pandemian gertatzea deitoratzen dute, egoerak “eragin handiagoa” izan duelako eta izango duelako emakumeengan. Horregatik aldarrikatzen dute “bizitza eta horren sostengua erdigunean jarriko duen krisiaren kudeaketa”.
Bide horretan beharrezkoa ikusten dute “bizitza modu bizigarrian zaintzeko neurriak” pentsatzea”, eta “bizitza zaintzeko eta benetan beharrezkoak diren egitura publiko, sozial eta komunitarioak zein diren” birpentsatzea. Eta argi dute “horretarako ezinbestekoak direla berdintasun-politika sendo eta eraginkorrak”.