‘Salda Badago’ jardunaldien liburua hasi da banatzen eta hiriburuetara helduko da laster

‘Salda Badago’ jardunaldien liburua bukatuta dago jada eta hasi dira banatzen. Datozen hilabeteetan hiriburuetako liburu denda batzuetan egongo da salgai, egileek iragarri dutenez. Hauetako batzuek aurkeztu zuten atzo argitalpena Durangoko San Agustin aretoan (hemen klikatuz bideoa ikus daiteke).

Urte bateko lanaren ondorioa da eta crowfounding-a egin zuten edizioa finantzatzeko. Emagin ikerketa eta hezkuntza feministarako elkartea arduratu da edukiak egituratzeaz. Jardunaldietan landutako materialez gain, hainbat protagonistarekin talde-elkarrizketak ere badaude liburuan.

Durangoko jardunaldi feministetan 3.000 bat emakumek hartu zuten parte. Gai desberdinetako lan-saioak eta mahainguruak egin zituzten Landako Gunean hiru egunetan zehar. Liburuaren helburua, “egun haietan Durangon bertan, zein aurretik eta ondoren bizi izandakoak jasotzea eta gure genealogia feminista idatziari ekarpen txikia egitea da”, adierazi zuten sustatzaileek. Gehitu zutenez, “sistematizazio ariketa sakona egin dugu, eta hausnartzeko zein aurrera begiratzeko tresna bat izateko xedearekin landu dugu”.