Neska gazteek inurri-lana, autoexijentzia, diskrezioa eta iruzurgilearen sindromearen ondorioak (ez direla onak) askotan sentitu eta adierazten dituzte bigarren hezkuntzan eta unibertsitate esparruan osatzen dituzten talde mistoetan.
Horrela ondorioztatu du ‘Genero-desberdintasunak modu kooperatiboan argitu eta kudeatzeko hezkuntza-arloko ikerketa-ekintza’ ikerketak, Patricia Martínez Garcíak eta Delicia Aguado Peláezek egindakoak.
Egileek diotenez, dinamika horiek irakasleen kontroletik kanpo geratzen diren arloetan sortzen dira, eta horietan menderatze-logikek eragin nabariagoa dute.
Lantalde mistoetan emakumeek proportzionalki lan gehiago egiten dute, nahiz eta talde batzuetan zereginak partekatuago egon. Emakumeak dira normalean arduradunak apunteak hartu, materiala erosi, aurkezpenaren diseinua egin, dokumentazioa bildu, azken lana zuzendu eta, neurri txikiagoan, azaltzeko orduan. Gehienbat, zeregin ikustezinak dira horiek.
Auto-exijentzia
Azterlanak egiaztatu duenez, genero-arauek baldintzatu egiten dituzte ikasgeletan bizi diren eta esku hartzen duten pertsonen gaitasunak, itxaropenak, nahiak eta beharrak. Esate baterako, auto-exijentziaren genero-arau femeninoak eragin handia du nesken artean: lan ona egin beharra eta, horrekin batera, lan-taldearentzat lan egiteko inurri-rola hartu beharra dutela sentitzen dute.
Genero-arau femeninoek nesken parte-hartze publikoa desaktibatzeko joera dute
Diskrezioaren eta auto-exijentziaren genero-arau femeninoek ere badute zerikusia iruzurgilearen sindromearekin. Horrela, askotan sentitzen dute ez direla behar bezain onak edo ez daudela arlo publikoa okupatzeko behar adina prestatuta.
Ondorioz, genero-arau femeninoek nesken parte-hartze publikoa desaktibatzeko joera dute, eta, publikoaren aurrean hitz egiten dutenean, gehiago prestatzen dute zer esan, legitimazio gutxiago dutela sentitzen dute, leku gutxiago hartzen dute eta gehiago zigortzen dute euren burua hori egiteagatik. Gizon eta mutilek, aldiz, askatasun handiagoa dute arlo publikoa okupatzeko orduan.
Proposamenak
Genero-arauek ikasgelan garatzen diren jardueren eta jarreren balorazioari ere eragiten diote. Horrela, gehien baloratutako zereginak eta rolak arlo publikoan garatzen direnak dira, arrazionaltasunean eta segurtasunean oinarrituta gauzatzen direnak. Ikusezinak dira hein handi batean, ordea, beste batzuk, adibidez, taldeetako kudeaketa emozionala eta zigortu egiten dira urduritasuna edo segurtasunik eza.
Azterlanak kontrapuntu gisa nabarmendu du mota horretako lankidetza-lanek rol eta zeregin berdinzaleagoak garatzeko eta bultzatzeko eskaintzen duten aukera. Eta esparru horretan berdintasunean aurrera egiteko hainbat proposamen egin ditu, hala nola:
- Genero-ikuspegitik zereginen banaketan dagoen sexu-banaketa identifikatzeko nork zer egiten duen adierazi eta aztertzea
- Ikasgelako lan orok berekin dakartzan lan guztiak ikusaraztea eta baloratzea, ez bakarrik azken emaitza
- Taldeetan afektibitatea eta esperientzia baloratzen duen hezkuntza-espazioa sortzea
- Hezkuntza-espazioetan intersekzio-tresna bat txertatzea, ikasleen aniztasunari, beharrei eta interes heterogeneoei erreparatuta.
Patricia Martínez García eta Delicia Aguado Peláez Zientzia Politikoan eta Ikus-entzunezko Komunikazioan doktoreak dira, hurrenez hurren, UPV/EHUn, eta, gaur egun, Aradia Cooperativan ikertzaileak dira. Emakundek finantzatu du lana.