Durangon 43 indarkeria-kasu zenbatu dira apiriletik irailera bitartean

Durangoko Udalak 43 indarkeria-kasu zenbatu ditu apiriletik irailera bitartean, Durangaldean emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduera eta koordinaziorako II. Protokoloaren eta Indarkeria Matxistaren Udal Unitatearen bidez jasotako datuen arabera. Epe horretan, 20 kasutan eskatu ziren babes-neurriak, eta 14 kasutan onartu ziren.

II. Protokoloaren esparruan, 43 kasuetatik 33 erregistratu ziren. Horietatik 26 genero-indarkeriari dagozkio, eta zazpi familia barruko indarkeriari. Sarrera-bideei dagokienez, 31 kasu Ertzaintzaren bidez jaso ziren, eta bi Udaltzaingoaren bidez. Erregistratutako lau kasutan, eraginpeko pertsonek ez zuten baimenik eman beren datu pertsonalak tratatzeko.

Bestalde, Indarkeria Matxistaren Udal Unitateak 14 kasu artatu zituen aldi berean. Horietatik 12 genero-indarkeriari lotutakoak izan ziren, eta bi sexu-indarkeriari lotutakoak. Bederatzi kasu unitatearen bidez iritsi ziren, bi Ertzaintzaren bidez, bat Gizarte Zerbitzuetatik eta beste bi Osakidetzatik. Arretaren barruan, sei bideratze egin ziren Gizarte Zerbitzuetara, bost Esnatura, sei aholkularitza juridikora eta bat Creciendo Juntas taldera. Aholkularitza juridikora eta Creciendo Juntas taldera egindako bideratzeak uztailetik irailera bitartekoak dira.

Arreta eta laguntza baliabideak

Indarkeria Matxistaren Udal Unitatea Andragunean dago, Lariz Torre kaleko 2. zenbakian, eta aurrez aurreko arreta eskaintzen du astelehen, asteazken eta ostiraletan, 10:00etatik 14:00etara, eta astearte eta ostegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko, 618 791 333 telefonora deitu edo indarkeriamatxista@durango.eus helbidera idatzi daiteke. Unitatearen lana Durangaldean emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduera eta koordinaziorako II. Protokoloarekin osatzen da, inplikatutako zerbitzuen eta erakundeen arteko elkarlana errazten baitu.

Horrez gain, sexu-indarkeria jasan duten emakumeentzako arreta integraleko zerbitzua dago, 900 840 977 telefonoan, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan. SATEVIk (900 840 111), berriz, doako telefono bidezko arreta eskaintzen die indarkeria matxista jasaten duten emakumeei, haien senideei, gertukoei eta profesionalei. Deiak ez du arrastorik uzten telefono-fakturan, 51 hizkuntzatan eskaintzen du arreta, eta entzun edo hitz egin ezin duten pertsonentzako arreta egokitua ere badu. Era berean, Berdinduk (900 840 128 eta WhatsApp bidez 617 813 087) sexu- eta genero-aniztasunari buruzko informazioa eta orientazioa eskaintzen ditu.