Giza Eskubideen erakundeek nazioarteko kanpaina bat jarri dute abian Mahfouda Bamba Lefkir aktibista sahararra askatzearen alde. El-Aaiun okupatutako epaile batek kartzelara bidali zuen ekintzailea, bere semea Mansur Otman El Mousaouiaren epaiketan inpartzialtasuna, errugabetasun-presuntzio eta justizia berme minimoen faltagatik protestatzeagatik. Epaiketa gaur egingo da. Justizia oztopatzea leporatzen zaio.
Atxiloketa epaitegian bertan egin zen. Bere familiakoek diotenez, isolatu eta inkomunikatua dago instalazio horretan eta leporatzen dizkioten kargu zehatzei buruzko informaziorik ez dute jaso. Aktibista sahararrak atxiloketa arbitrarioak jasan izan ditu azken urteotan Frente Polisarioaren eta Sahararen independentziaren alde egiteagatik. Halaber, tortura eta tratu txarrak jasan izan ditu eta soldata ere blokeatu diote.
Errepresioa areagotzen ari da
Saharako Errepublika Demokratikoaren lehen ministro Mohamed Luali Akeik Gasteizen egon zen pasa den asteburuan, Sahararen Aldeko Konferentzia Europarra zela eta. ‘Cuarto Poder’ egunkariari emandako elkarrizketa batean lurralde okupatuetan egoera oso larria dela esan zuen. Hain zuzen, aktibisten errepresioa areagotzen ari dela, eurak eta populazio oro mehatxatzeko asmoz.
Mahfoudak ekintza asko burutu ditu, bai Saharan barnean, errefuxiatuen kanpalekuetan, bai kanpoan, nazioarteko konferentzietan. Hori bai, 2005etik erresistentzia pazifikoa errespetatu du, Lualiren esanetan. “Okupatzaileak ez dauka inongo arraizoirik bera kondenatzeko. Ez du ezer suntsitu, ezta inor hil ere. Bere aldarrikapenak era baketsuan adierazten ditu. Adore sendokoa denez, neutralizatu nahi dute. Ez bera bakarrik, baizik eta beste aktibista guztiak ere bai. Saharako populazioa izutu nahi dute”.
Marokoren errepresioa kartzeletan oso gogorra da. Bizitzeko baldintza penagarrietan daude berrogeita hamarren bat preso politiko sahararrak, nahiz eta NBEk aginduak eman libre uzteko edo bizimodua hobetzeko.