Laudioko Udalak 3.000 euroko isuna jarri dio mugimendu feministari kartelak jartzeagatik

Harrigarria den zigorra egotzi dio Laudioko Udalak herriko mugimendu feministari, hain zuzen, 3.000 euroko isuna, M8an kartelak jartzeagatik. Taldearentzat, agerikoa da udal arduradunak “militantzia zigortzen ari direla”.

Mugimendu feministako bozeramaile batek isuna garbitasun eta hondarren ordenantzaren aplikazioaren ondorioa dela esan zion ‘Hala Bedi’ irratiari. Hori bai, ordenantza duela hamar urte onartu zen eta “orain arte ez dira berataz gogoratu”. Eurek dakitenez, urte horietan birritan aplikatu da eta bietan orain dela gutxi. Isunaren aurkako errekurtsoa jarri dute, neurriz kanpokoa dela uste dutelako.

Euren haserrea adierazteko prentsaurreko bat antolatu zuten herriko plazan. Aurreko egunean alkatearekin bildu ziren eta “kalera bota gintuen literalki eta horrela amaitu zuen orain arte udalarekin daukagun harremana”, bozeramaileak zioenez.

Erlazio konplikatua

Agintariekin erlazioa konplikatua dela onartu zuen. Arazoak dituzte kalean ekitaldiak egiteko eta hitzaldiak antolatzeko, nahiz eta Covid-aren protokoloa ezarri. “Aurtengo mezua genero bortizkeriaren kontrako ekimenik kalean ezin dela gauzatu izan da”.

Prentsa-aurrekora jende asko agertu zen eta osasun egoera ikusita elkartasuna eskertzen dute. Gainera, eurengandik hainbeste jende hurbil ikusteak poza eman zien, diotenez.

“Ez gaituzte isilduko!”. Garrasi horri atxikituta, kaleetara irteten jarraituko dute “egin daitezkeen gauzak eginez”.