Langabetu kopurua 7.300 handitu da Hego Euskal Herrian, 2022ko azken hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Aldiz, 9.900 landun gutxiago daude; horietatik 8.700 emakumezkoak dira.
Sektoreei dagokienez, zerbitzuen sektoreko okupazioak jaitsiera handia izan du aurreko hiruhilekoarekin konparatuta, 22.700koa hain zuzen; hiruhileko arteko enpleguaren sorrera eraikuntzan (+6.300) eta industrian (+5.400) gertatu da. Iazko azken hiruhilekoaren aldean, enpleguak ere behera egin du, 2.500 pertsonatan kokatu da jaitsiera eta batez ere zerbitzuen sektorean gertatu da.
ELAren arabera, kontratuen behin-behinekotasunari erreparatuta, ikusten da azken hiruhilekoan kontratu mota hori duten pertsonak 20.700 gutxiago izan direla; iraupen mugagabekoak, berriz, 18.800 gehiago izan dira. Beraz, aldi baterako tasa % 19,3 murriztu da.
Nahi ez den lanaldi partziala
Alde horretatik, emakumeek prekarietate handiagoa pairatzen dute, behin-behinekotasuna % 24,1ekoa baita. Behin-behinekotasuna murrizten ari den arren, sektore publikoko tasak oso handia izaten jarraitzen du, batez ere EAEn, % 43,9ra iristen baita. EBko tasaren gainetik dago.
Emakumeei gehiago eragiten dien beste arlo bat da nahi ez den lanaldi partzialarena. Lau emakumetik ia batek (% 23,8) lanaldi partzialeko kontratua du; gizonen artean, berriz, % 7,1ekoa da. Hori da emakumeek lan eremuan jasaten duten diskriminazioaren beste erakusle bat.
Desenpleguari dagokionez, 2022. urtea 122.900 langabeturekin amaitu da Hego Euskal Herrian, hau da, 7.300 langabetu gehiago izan dira aurreko hiruhilekoaren aldean. Emakumeen langabeziak nabarmen egin du gora azken urtean -8.900 emakumek galdu zuten lana-, eta laugarren hiruhilekoan % 9,6koa izan da, duela urtebete % 8koa izan zen bitartean.
Zifra horiek ez datoz bat gizonen datuekin, gizonen tasa puntu bat jaitsi baita, % 9,5etik % 8,5era. Horrela, Hego EHko langabezia orokorra %9raino handitu da (% 8,7 EAEn eta % 10,1 Nafarroan). Bestalde, azpimarratu behar da Europar Batasuneko langabezia oso azpitik dagoela oraindik (% 6). Azkenik, gazteen artean tasa oso handia da, % 22,7koa.
Datu negatiboak
Datu negatiboak dira, ELAren iritzian, langabeziak gora egin baitu eta okupazioak behera. Bilakaera negatiboa ez da bakarrik hiruhilekoen arteko alderaketan ikusten, urte arteko alderaketan ere bilakaera negatiboa dago. Hori guztia gertatu da, 2022an ekonomia % 4tik gora hazi denean.
2023ari dagokionez, hazkunde aurreikuspenak okerragoak dira, eta, beraz, “ezkorrak gara urte honetan enpleguan gerta daitekeenarekin”, dio sindikatuak. Gainera, bizitzaren kostua garestitzeak eta soldatak KPIarekin ez eguneratzeak langile klasea pobretzea ekarriko du.