Migratzaileak defendatzeagatik aktibista honen kontrako lege eta poliziaren jazarpenak amaitu egin dira. Kazetaritza oso lan arriskutsua izan daiteke dagokion funtzioa betetzen denean, hau da, herritarrei mundua ulertzeko eta interpretatzeko tresnak ematen zaizkienean. Baina hori ez da ohiko egoera izaten, izan ere, kazetari gehienek nagusien eta hedabideen esanetara egiten dute lan, haien aginduak mantsoki betez eta, orokorrean, euren bizitza profesionala nahiko erosoa izaten da.
Ryszard Kapuscinski idazle eta erreportariak hedabideetako erredakzioetan kazetaririk ez dagoela esan ohi zuen. Benetako kazetariek ‘free lance’ moduan jarduten dutela zioen, independente eta objektiboak izan ahal izateko modu bakarra dela argudiatuta.
Horrelako erreportaria da Helena Maleno, Mugak Oinez erakundearen sortzailea eta hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundetan ibilitakoa. Migratzaileen dramarekin, emakumeena bereziki, erabat konprometituta bizi da azken urteotan. Interes horrek, migranteen arazoak hurbiletik ezagutzeko asmoz, El Ejidotik Marokora eraman zuen. Bertatik kontatu zuen Gibraltarko itsasartea zeharkatzen duten gizon eta emakumeen tragedia, kazetetan agertzen ez den aldea. Beste basakeria batzuen artean, milaka deportatu basamortuan hiltzen zirela edo Marokon tratu txarrak pairatzen zituztela azaleratu zuen.
“Egon ixilik, bestela hil egingo zaitugu”
Sare sozialen bidez, Mediterraneo itsasoa paterentzako kanposantu bihurtzen ari zela salatu zuen behin baino gehiagotan. Horrelako oharrak idatzi ohi zituen Twiterren: “58 pertsonek laguntza eskatzen dute patera batetik Alboranen. Azken mezuan hondoratzen ari zirela garrasika ohartarazten ziguten” #Bizitzekoeskubidea #Hegoaldekomuga.
Halaber, ‘Tarajal: mina justizia bihurtuz’ dokumentalean, hondartza horretan gertatzen ari den katastrofea biktimen familien ikuspuntutik azaldu zuen. Estatu europarren, espainiarrena bereziki, gehiegikerien salaketak soka luzea ekarri zuen. Justiziaren eta poliziaren mehatxuak jaso zituen. Horien artean, pistola baten argazkia zuen hurrengo mezua bidali zioten: “Egon isilik, bestela hil egingo zaitugu. Aginpideak molestatzen ari zara”.
Salbamendu ontziei edo marokoar itsas armadari naufragioez ohartarazteagatik pertsonekin trafikatzea leporatu zioten. Azken 15 hilabeteetan Marokoko justiziaren aurrean deklaratzera joan behar izan du hainbat alditan eta betiko kartzela-zigorra jasateko beldurrarekin bizi izan da denbora honetan.
Zorionez dena ez da latza izan. Elkartasun adierazpen uholdea jaso du eta bere semeen adorea ere bai, nahiz eta beraientzat ere egoera oso gogorra izan. “Zoragarriak eta oso ausartak dira. Beti esan didate: babesten zaitugu, egiten ari zarena zuzenena da”, esan zuen Malenok diario.es egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.
Amets gaiztoaren bukaera zorionekoa izan da. Hilabete honetan bertan, Tangerko Apelazio Auzitegiak auzia artxibatu du. Zera adierazi zuen Malenok berehala: “Mugitzen ari diren herrialdeen ahizpa eta nebak: irabazi egin dugu. Oso zoriontsu nago justizia egin dutelako nirea ere baden lurralde honetan, Marokon. Garaipen hau zuekin guztiekin partekatu nahi dut. Gaur bizitzeko eskubideak irabazi du. Denok irabazi dugu”.
Utzi erantzuna
Iruzkinak bidaltzeko saioa hasi behar duzu.