75 urte baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialak urrats garrantzitsu bat eman du bere historian, Nagore Azuabarrena Anduaga (Donostia, 1979) izendatu baitu lehen emakume presidente.
Mugarri “oso esanguratsua” da elkargoarentzat, “bilakaera logiko eta normalaren ondorioa”, gaur egun eraikuntzaren sektorean eta, zehazki, arkitektura teknikoaren lanbidean bizi denaren “isla garbia” delako.
Azuabarrenaren hitzetan, “lanbidearen egunerokotasunean parekotasun-zifra batzuetara iristen ari da: ia gizon adina emakume ditugu obra-postuetan, udal-postuetan eta postu liberaletan. Parekotasun handia dago, eta, beraz, batzarrak lanbidearen errealitatearen ispilu izan behar zuen”.
Postu horren aurretik, Azuabarrenak bokal kargua zuen, eta, ondoren, idazkari kargua. “Oso garrantzitsua iruditzen zaigu ageriko buruak ere elkargoan emakumeak izaten hastea, lanbidea horrelakoa baita orain. Errealitatearen isla argia izan behar du, eta modu natural eta logikoan islatzen saiatzen ari gara”, azpimarratu du.
Hainbat eredu, ordezkaturik
Halaber, donostiarrak azaldu duenez, “batzorde paritarioa izatea ere nahi izan dugu”. Gobernu batzorde berriak Nagore Azuabarrenak (presidentea), Ibon Izquierdok (idazkaria), Ivan Imazek (diruzaina), Estibaliz Mendozak (batzordekidea), Maddi Amonarrizek (batzordekidea) eta Joseba Inunciagak (bigarren batzordekidea) osatzen dute.
Presidenteak esan du, gainera, ez dituztela ahaztu “gure lanbidearen ofiziozko ereduak”, horiek ere ordezkatuta baitaude batzordean: “Udaleko aparejadore bat dugu, obrako aparejadore buru bat, higiezinen sustapenetan lan egiten duen aparejadore bat, aparejadore autonomo liberal bat, azterlan batean soldatapeko beste aparejadore bat… Lanbidearen ahalik eta ordezkaritza handiena hartzen saiatu gara, batzordea biltzen denean, ikuspegi posible guztiak barrutik islatuta egon daitezen “, azaldu du.
Lanbidea, jendartean ezezagun
Batzar berria jendartearen isla ere bada, eta herritarrengana hurbiltzeko eskua luzatzen du: “Herritarrengana iritsi nahi dugu, informazioa eman nahi diegu, jendarteari zerbitzu handia eman diezaiokegu eta. Jende askok ez daki zer garen, ezta zer zerbitzu eskaintzen ditugun ere, ezjakintasun handia baitago gure lanbidearen inguruan: eta ekarpena egin dezakegu, uste baino gehiago lagundu, herritarren egunerokotasunean”, dio Azuabarrenak.
Izan ere, arazo asko ekidin ditzakete pertsonek edo komunitateek: “Gure figurak lagundu egingo die diru-laguntza bat kudeatzen, obra partikular batzuekin edo auzokoen komunitateenekin, eraikinen kokapenari buruzko azterlanak, igogailu edo jasogailu bat jartzeko”. Era berean, batzorde “gazte, fresko eta berritzaile” berri hori “elkargoak eskaintzen duen zerbitzuari balio erantsi gehiago emateko gogoz” iritsi da, “besteak beste, lan-, kultura- eta hizkuntza-proposamen berriekin eta, hala, zerbitzu horiek hobetu ahal izateko”.