Egunak: Otsailak 25 eta 26
Lekua: San Telmo Museoko hezkuntza gela. Donostia
Antolatzailea: Bagera Elkartea
Otsailean “Euskara eta feminismoa: Zein lan egin dute Donostiako emakumeek euskararen transmisioan?” izeneko emakumeentzako tailerra antolatu dugu Eider Perezek gidatuta. Emakumeen eta hizkuntzaren arteko elkargunea lantzeko tailerra izango da.
Euskarak zabalkundea izan duenetan emakumeen presentziarekin egin du topo; Donostian hala izan da? Emakumeena omen da ‘ama-hizkuntza’ eta gizonezkoena ‘hitza’, zergatik? Zer egin dute emakumeek Donostian euskararen alde? Nondik eta nola jardun dira horretan? Non gurutzatzen dira hizkuntza eta feminismoa? Non euskara eta emakume identitatea? Zein erreferente ezagutzen ditugu eta zenbat dira? Gehiago badakizkigu? Sormenaren kulturan eta Euskal Kulturan non eta nondik ibili gara historikoki? Eta orain non gaudela sentitzen dugu?
Tailerrak feminismoaren eta euskararen arteko elkargunea izan nahi du. Batetik, hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan Donostiako emakumeek eginiko lana aitortu eta erreferenteak ikustarazteko. Eta bestetik, hizkuntza ez hegemonikoen eta feminismoaren arteko harremanari buruz hausnartzeko. Tailerreko kideen parte-hartzean oinarritutako tailerra izango da; bertaratuek hitz egiteko eta elkarri entzuteko aukera izango dute. Horrez gain, gorputzean arreta jarri eta gorputzaren memoria esnatzeko eta aktibatzeko hainbat jolas eta ariketa proposatuko dira.